Horrela, udazken honetan erakusketa bat osatu dute Zornotzako Andra Mari ikastolan Ttipia proiektuaren bitartez ezaguturiko lau artista plastikoren lanak oinarri hartuta. Abenduaren 15ean inauguratu zuten erakusketa, eta hilaren 23ra arte egongo da ikusgai Zornotzako Zelaieta zentroko areto nagusian.
Ttipia proiektuaren bitartez, HH5eko ikasleek Eider Eibar ilustrazailearen, Ainhoa Ortells margolariaren, Elena Mendizabal eskultorearen eta Eriz Moreno argazkilariaren ibilbidea ezagutu dute, eta hori abiapuntu hartuta, esperimentazioagaz jolastuz artelanak osatu dituzte. Lan horietxek daude ikusgai erakusketan. Egitasmoagaz, "sentipenak adierazterakoan kulturak duen garrantziaz" ohartzen dira haurrak, Loraldia proiektukoen esanetan. "Pintura, ilustrazioa, eskultura eta argazkigintza diziplinak lantzen dituzten artistak dira; hilabeteko esperimentazio abentura horretan sorturiko obrak ikusiko dira eta ziur erakusketak bisitaria harrituko dituela", gehitu dute.