“Ofizio bat baino gehiago, nire bizitzaren zati bat da txoriak haztea”

Aitziber Basauri 2021ko abe. 18a, 10:25

Diamante de Gould, Diamante Mandarin, Isabelita del Japon, Lori Arcoiris edo Ninfak. Enrike Cavite Ruizek (Zornotza, 1968) hegazti exotikoak eta 10-12 kanario mota hazten ditu Zornotzan duen haztegian.  Gainera, txoriak zaintzeko aholkuak ematen ditu sare sozialen bitartez.

Hiru hamarkada bete dituzu txoriak hazten. Nondik datorkizu zaletasuna?
Aititarengandik, denbora asko egiten nuen beragaz. Eta aitari ere gustatzen zitzaizkion txoriak. Beti izan dut lotura txoriekin, eta orain dela gutxi arte, etxean hazi ditut; 12 kanario-bikote izan ditut. Esan behar dut urtean errunaldi bi dituztela nik hazitako txoriek, ez diet uzten piloa ugaltzen. Izan ere, ez ditut probetxua ateratzeko. Txori txapelketetan ere parte hartzen dut, Portugalgo Arlekin kanarioagaz. Iaz Portugalen egin zen mundu mailako txapelketan Espainiako estatuko onena izan nintzen.

Txori-haztegia ipini zenuen orain urtebete, eta orain saldu ere egiten dituzu.
Hala da, bai. Dena dela, etxean hazi  izan ditudanean, asko oparitu egin ditut, pandemia sasoian ere bai. Pertsona nagusiei batez ere, jakin dudanean norbaiti txoria hil zaiola, adibidez. Konpainia egin ziezaiekeela pentsau dut eta 12 bat txori oparitu ditut, kaiola bategaz eta kilo bat jatekogaz. Gehienak Zornotzan bertan oparitu ditut, baina Durangora ere eraman dut baten bat. Asko eskertu izan didate eta une politak bizi izan ditut. Jende askok berba egiten dugu txoriekin, eta batzuek uste dute zoratuta gaudela; ez dute ulertzen. Baina laguntasun handia ematen dute. Opor egunetan txoria gugaz uzteko aukera ere ematen dut eta txorien zaintzagaz loturiko premiei erantzuten ahalegintzen naiz, baina ez naiz albaitaria.

Animaliak erreskatatzen ere lan egiten duzu. Animalien Lagunak elkarteko arduraduna zara. Zein da zuen lana?
Kale katuak harrapatu, antzutu  eta kalera bueltatzen ditugu gero. Jauregibarria parkeko urmaelaz eta bertako animaliez ere arduratzen gara. Gainera, kalean topaturiko hainbat animalia ekartzen didate herritarrek: dortokak, hamsterrak, txoriak... Azkenengoan, zazpi katu utzi zituzten kaxa batean.  Aurten, 200 txori suspertu ditugu, eta animalia basoan hazitakoa bada, ekarri didan pertsonari bueltatzen diot berak askatu dezan. Saiak eta arranoak ere jaso ditugu, eta ezin badut ezer egin Aldundira deitzen dut; adibidez, hego bat apurtuta badu. Berdin orkatz zaurituekin.

Ofizio bat baino gehiago dituzu txoriak?
Bai, nire bizitzaren zati bat da. Egunero 10-12 ordu egiten ditut txoriekin, urtean 365 egunetan. Etekin ekonomikoa lortzeko negozioa gura banu, ez nuke txoririk haziko, hazita erosiko nituzke gero saltzeko.

Zer hartu behar da kontuan kanarioak edo txori exotikoak hazteko?
Txoria osasuntsu egotea zaindu behar da, barrutik eta kanpotik, eta errunaldian garbitasuna ezinbestekoa da. Ugaltzeko, emea loditu egin behar da, eta arra argaldu. Txoriak aktibo egotea ere inportantea da.

Txoria zaintzeko hiru gomendio.
Kaiolaren garbitasuna ezinbestekoa da, eta tenperatura konstante bat mantentzea: udatik negura balkoian izan genezake, ohitzen joateko. Baina ezin da korronterik egon. Balkoian dagoen txoria ez dugu gauean sukaldera sartuko; olioa, tabakoa... oso kaltegarriak dira, baita txoria gure kontura medikatzea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!