Euskal literaturaren inguruko azterketa eta ikerketa sustatzeko asmoei eutsita, Santiago Onaindia bekaren onuradunek haien proiektuak azaldu dituzte goiz honetan. Xabier Hernandezek "literatura didaktikaren egoera eta erronkak" identifikatu eta hainbat proposamen pedagokiko-didaktiko planteatu ditu. Horretarako ikerketa kualitatibo bat egin du. Literatura didaktikan esku hartzen duten eragileengana jo du zuzenean. Unibertsitate irakasleengana, ikasleengana, idazleengana zein argitaletxetara. Bertako informazioa jaso eta tratatu ostean, honako ondorio hau atera du: "literatura lantzeko behar bat" dagoela, eta, "askotan, gaitasunaren mesedetan, literatura albo batera" utzi izan dela. Egoera horri buelta emateko errutina literarioak planteatu ditu liburuan. Bigarren Hezkuntzan lantzeko moduko material didaktiko berritzaileak proposatu ditu eta metodologia kuantitatibo bat zehaztu du literaturak euskal gazteen garapen emozional, kognitibo eta sozialean izan dezakeen inpaktua neurtzeko.
Bestalde, Jon Mentxakatorrek, hemendik aurrera landuko duen gaia aurkeztu du. Euskal ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa izeneko proiektua garatuko du. Ikerlariaren berbetan, ipuin eta leiendak "euskal ahozkotasuneko corpus ezberdinetan bildu izan dira". Gehienbat, "mitoen eremuarekin lotuta". Hori dela eta, proiektuan XIX. mende bukaeratik gaurdainoko materiala aztertuko du. Behin material hori antolatuta, ondare hori termino poetikoetan aztertuko du. Hau da, aztertuko du nolakoa den, zentzua zelan eratzen duen eta zelan hedatu diren Euskal Herri zabaleko espazioan eta denboran.
Goiz honetan egindako aurkezpenean Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea, Amaia Aurrekoetxea zinegotzia eta Igone Etxeberria Labayruko presidentea ere egon dira. Andoni Agirrebeitiak adierazi duenez, ·"euskal literaturak izandako ibilbidean azterketa ugari dago egiteke, eta Zornotzako Udalak bere alea ipini gura du, ikerketek ez dezaten etenik izan". Hain zuzen ere, Santiago Onaindia beka Zornotzako Udalak eta Labayruk antolatzen dute elkarlanean. Bi urterik behin antolatzen dute.