Errege Kopan aurrera eginda eta ligan Malagaren kontra irabazita, bolada onean dago Amorebieta futbol kluba

Joseba Derteano 2021ko abe. 10a, 12:00

Garaipenek zapore gozoa izaten dute beti, baina joan zen asteburukoa bereziki mamitsua izan zen Amorebietarentzat. Ez azkeneko garaipena lortu zutenetik hiru hilabete joanak zirelako bakarrik, baita etxetik kanpora lortzen zuten lehenengoa zelakoa ere. Hori gutxi balitz, aurkariaren maila ere kontuan hartu beharra dago joan zen asteburuko garaipenari merezi duen balioa emateko. Malaga, Bigarren Mailako zazpigarren sailkatua, etxean partidurik galdu barik zegoen ordura arte.

Ordu erdi bete orduko Amorebieta 0-2 irabazten zebilen Guruzetak sarturiko gol biri eskerrak. Ordutik aurrera, Malaga ezinean aritu zen eta ezin izan zuen aldea murriztu 94. minutura arte. Malagakoek gola sartu eta berehala amaitu zen partidua, eta hiru puntuek Zornotzarako bidea hartu zuten.

Garaipen horrek ez die balio zornotzarrei jaitsiera postuetatik irteteko, baina bai salbazio postuak gertuago ikusteko. Orain lau puntura dute Fuenlabrada azken laugarren sailkatua.

Azken aste biei erreparatuta, Amorebieta bolada onean sartuta dagoela esan daiteke. Etxean jokaturiko azken partiduan puntu bat urratu zuen Zaragozaren kontra, eta ez da gutxi 20 minutu baino gehiagoan jokalari bat gutxiagogaz jokatu zuen eta. Ondoren, aste barruan, Errege Kopako lehenengo jardunaldia gainditu zuten Bartzelonako Europa taldea 0-1 menderatuta.

Errege Kopa, Urritxen
Etxera bueltatzeko aukera izatea ere albiste ona da, bai jokalarientzat, bai zaleentzat. Izan ere, Almeriaren kontra jokatuko duen Errege Kopako bigarren kanporaketa Urritxe futbol zelaian jokatuko dute, abenduaren 16an. Horixe izango da Bigarren Mailako talde lez Amorebietak bere benetako etxean jokatuko duen lehenengo neurketa ofiziala.

Baina horren aurretik Las Palmas taldea hartuko dute Lezaman, domeka arratsaldean. Mailako beste oilar bati irabazteko abagunerik badago, bolada gozo honetan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!