- Kenophobia dantza pieza bat baino gehiago dela diozue. Azaldu dezakezue zer den?
Kenophobia dantza garaikide pieza bat da. Dantza da oinarria, baina honez gainera, beste bi elementu esanguratsu dituela esango genuke: unibertso bisuala eta dramaturgia. Alde batetik, ikusleak begiekin ikusten duen guztia oso erakargarria eta aberatsa izatea dugu helburu; bestetik, istorio bat kontatzen dugu, eta hau publikoarengana iristeko lan asko egiten dugu, dantzaren abstrakziotik aldendu eta mezu argiak bidaliz.
- Diziplina desberdinetatik zatozte zuek biok. Nola sortzen duzue?
Xabier plastika eszenikoan aritzen da, jantziak eta eszenografiak diseinatzen ditu eta ni dantzari eta koreografoa naiz. Normalean dantza piezen sorkuntzetan, lehenbizi
mugimendua eta koreografia sortzen dira eta amaieran iristen da estetika. Gure kasuan aldiz, hasiera-hasieratik, biok gaude sorkuntzan, eta dantzagelara mugimendua sortzera joan aurretik, zer kontatu nahi dugun eta nolakoa izango den unibertso hau definitzen saiatzen gara. Beraz, bai koreografia eta bai plastika eszenikoa eskutik doaz, hasieratik, batak bestea elikatuz.
- 2019tik daramazue obra hau aurkezten. Zelako harrera izan du? Besteak beste Elorrion ere aritu zarete. Zelan?
Egia esna txundituta gaude izan duen harrerarekin. Iaz Espainiako Antzokiek sortzen duten 13. Dantza Pieza Gomendatuen Katalogoan hautatu zuten pieza eta aurten
otsailetik Espainiako eta Euskal Herriko antzoki askotan aurkezteko aukera izan dugu. Jaialdi oso garrantzitsuetan aritu gara eta jendearen feed-backarekin oso pozik gaude.
Elorrioko emanaldia benetan polita izan zen, uda osteko lehenengoa. Benetan polita da Madril edo Valentzia bezelako hiriburuetako jaialdi esanguratsuetan dantzatzea, baina
baita Elorrio bezalako herri txiki batera etorri eta obrak funtzionatzen duela ikustea ere, lan asko egiten baitugu gure piezak jende mota askorengana iristeko. Oso garrantzitsua
da guretzat hori.
- Obrako gaietako bat beldurra den arren, promozioan ikusten den iruditegiak koloretsua dirudi. Kontrasteekin lan egitea gustuko duzue?
Guretzat gure lanen estetika lantzea, mugimendua sortzea bezain garrantzitsua da. Gure lanen unibertsoak oso koloretsuak dira, obra guztiak definitzen dituela esango
genuke. Modu natural batean sortu den zerbait dela uste dugu eta era berean asko gustatzen zaigu hain iluna iruditzen zaigun dantza garaikidera argi pixkat ekartzea. Aldi berean, gai sakonak jorratzen ditugu eta dramaturgia ere asko lantzen dugu. Beraz, bai, mundu koloretsu batean oinarritutako istorio sakonak egiten ditugu.
- Baduzue beste proiekturik esku artean?
Zornotzako emanaldia, aurtengo Kenophobia birako azkena izango da. Ondoren, urtarrilean sorkuntza berri batetan murgilduko gara, maiatzean Donostiako Gazteszenan estreinatuko dena. Abentura berri honekin hasteko gogotsu gaude!