“Naturan lerrozuzenik ez da existitzen eta ideia horretatik abiatuta sortzea gustatzen zait”

Joseba Derteano 2021ko abe. 6a, 12:00

Zornotzan bizi den Iñaki Unanue artisau eta eskultoreak askotariko lanak erakutsiko ditu Euskal Dendan

COVIDaren ondorioz azokarik gehienak bertan behera geratu ziren sasoia gogorra izan zen zuentzat?
Bai. Salmenta guneak falta izan zaizkigu. Urte bian ia guztiz geldirik egon gara. Badaude telefonoz deitzen dizuten bezeroak, baina aurrez aurreko azokak beste gauza bat dira. Produktua webguneko argazki batean ikusteak edo bertatik bertara ikusteak ez du konparaziorik. Gainera, azokek hartu-emanak sortzeko eta lantzeko balio dute. 

Hamar bat urte joan dira Euskal Dendan azkenengoz egon zinenetik. Zelan gogoratzen duzu?
Nire oroitzapenik potenteena da oso nekagarria dela. Egun eta ordu asko, jende asko… Leher eginda amaitzen duzu. Baina, aldi berean, gustura ere bai.

Aurtengo alditik zer itxaroten duzu?
Imajinatzen dut orain hamar urtekoaren antzerakoa izango dela. Urteak joan urteak etorri azokak ez dira asko aldatzen. Gogotsu nago joateko.

Zure standera doanak zer aurkituko du bertan?
Giltzak eta antzerakoak uzteko bandejatxoak, mahaiak, esekilekuak, euritakoak uztekoak… baita eskulturak ere. Bai pieza funtzionalak eta bai bestelakok, bietakoak egongo dira.

Artisaua zara eskultorea baino gehiago, alderantziz, ala biak eskutik helduta doaz?
Bietan pieza berri bat sortzen duzun neurrian, eskutik helduta doazela uste dut. Eskultura bat funtzionala ere izan daiteke. Horretan ahalegintzen naiz.

Obra berri bat sortzean, zerk inspiratzen zaitu?
Nire kasuan, edozein pieza sortzerako orduan, bizi naizen inguruak zerikusi handia du: baserriak eta basoak. Forma organikoak gustatzen zaizkit. Naturan, lerro zuzenak ia ez dira existitzen, eta ideia horretatik abiatuta sortzea gustatzen zait.

2011tik artisautza eta eskultura dira zure ogibideak. Orduan hartu zenuen pauso hori emateko erabakia. Erabaki arriskatua izan zen?
Erabaki gatxa eta arriskatua izan zen, bai. Baina hamarkada bat joanda, hemen jarraitzen dut oraindino, eta horrek zerbait esan gura du.

Zinta isolatzaileagaz hormara itsatsitako platano bat 120.000 eurotan saldu izan da. Zer iritzi duzu piezak berak baino gehiago bere atzeko ideiak garrantzi handiagoa duen arte kontzeptualari buruz?
Ez dago orokortzerik, baina obra batzuk adarjotze bat iruditzen zaizkit. Eskultura baino, literatura saltzen dute askotan, berbak bakarrik. Artista mexikar batek esaten zuen, museotik edo bere testuingurutik atera eta kale baten erdian utzita obrak erakargarritasuna galtzen badu, ez duela balio. Obra batek bere kabuz transmititu behar du. Inork ez luke kalean ikusgai ipinitako komun-ontzi bat etxera eramango, baina badago bat museo batean.

Txillida ala Oteiza?
Oteiza gehiago gustatzen zait. Bere lanek gehiago erakartzen naute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!