Zornotzako udalbatzak 2022ko aurrekontuak onartu ditu EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka egin dute. Udalak 31.089.000 euro izango ditu datorren urtea kudeatzeko, aurten baino bi milioi euro gehiago. Andoni Agirrebeitia alkatearen berbetan "inoizko aurrekonturik sozialena" da, "inoizko onartutako gastu sozial kopururik handiena" duena. Miren Martiarena ogasun zinegotziak adierazi du "gizarte kohesioa" sendotzera eta "susperraldi ekonomikoa" sustatzera bideratutako aurrekontuak direla. Gizarte politiketarako partidak, enpleguari lotutakoak, mugikortasun arlokoak eta klima aldaketari loturiko aurre egiteko partidak nabarmendu ditu. Alicia Hernández zinegotzi sozialistaren esanetan, "zornotzarren ongizatea" eta "erdiguneko zein auzoetako biztanleak kohesionatzeko aurrekontuak dira".
Oposizioa, kontra
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurrenkotuen aurka egin dute. Koalizio subiranistak faltan bota ditu gazteen enplegua indartzeko neurriak eta trantsizio ekologikoari aurre egiteko inbertsio gehiago. Dena dela, Ander Uriarte bozeramaileak Gizarte Ekintzari dagokion arloan egin du azpimarra. Gizarte Larrialdietarako Laguntzen diru partida 300.000 eurotik 400.000 eurora igotzea eskatu du, baina eskari horrek ez du islarik izan. 300.000 euroan geratu da. Dena dela, Andoni Agirrebeitia alkateak jakinarazi du urtean zehar partida horretarako diru gehiago beharko balitz prest legokeela kantitatea handitzeko. Bestalde, Elkarrekin Podemoseko Alba Gutierrezek ere aurrekontuen aurkako botoa eman du.
AURREKONTUEN IDEIA ETA KOPURU NAGUSIAK
Hiritartasuna
- Aurrekontu osoa: 31.089.133 euro
- Gizarte Ekintzara bideratutakoa: 4.388.781 euro
- Umeak, gazteria eta kultura: 2.613.863 euro
- Enplegua eta promozio ekonomikoa: 1.138.973 euro
- Euskara: 796.554 euro.
- Hezkuntza: 532.036 euro.
Lurraldea
- Bide publikoak eta azpiegiturak: 2.829.756 euro
- Hirigintza: 2.475.103 euro
- Ura eta saneamendua: 1.778.418 euro
Inbertsioak
- Ogenbarrena berrurbanizatzea (aurrekontu parte hartzaileetatik jasotako proposamena): 1.226.000 euro
- Urgozo kiroldegia (hiru urteko jarduera dago aurreikusita): 1.155.000 euro
- Zelaietako jolasgunea estaltzea (aurrekontu parte hartzaileetatik jasotako proposamena): 600.000 euro
- Ziklo plana: 368.756 euro
- Gudari kalea berrurbanizatzea (aurrekontu parte hartzaileetatik jasotako proposamena): 300.000 euro
- Marabi auzoa ur-sare orokorrera batzea (aurrekontu parte hartzaileetatik jasotako proposamena): 180.000 euro