Zornotzako Jubilatuen Etxea asteburuetan ere zabalik, ostera ere

Anboto 2021ko aza. 4a, 10:50

Zornotzako Jubilatuen Etxeak asteburuetako ordutegia berreskuratuko du zapatu honetatik aurrera. Zerbitzuen %100, beraz, martxan egongo dira berriro

Hamabost hilabetean asteburuetako jarduera etenda izan eta gero, Zornotzako Jubilatuen Etxeak zapatuetako eta jaiegunetako ordutegia berreskuratuko du. Zapatu honetan berrekingo diote lanari. Zerbitzuak goizetik gauera arteko ordutegia izango du berriro, 10:15etik 21:00era artekoa. Horrenbestez, Jubilatuen Etxeak zerbitzuen %100 berreskuratuko du. Ainhoa Salterain Berdintasun eta Gizarte Ekintzako zinegotziaren berbetan, asteburuetako eta jaiegunetako ordutegia berreskuratzea "aurrerapauso handia" da. 

Berrikuntzak datoz

Zapatu arratsaldeetako dantzaldia berriro ere martxan ipiniko dute. Lehenengo saioa zapatu honetan izango da 18:30tik 20:30era, terrazan. Bestalde, bingo jokoa antolatuko dute. 18:00ean izango da, zapatuetan. Udal iturriek azaldu dute "opari interesgarriak" egongo direla bertan. Bestalde, hileko lehen barikuan baba-jana eskainiko dute Nafarroa Gourmetean, "sakramentuekin, piperrekin eta azarekin". Gabonei begira, berriz, menu berezia prestatuko dute abenduaren 23an. Horretarako lekua erreserbatu beharko da 677106712 telefonoan. Azkenik, azoka solidarioa egingo dute Gabonetan. Batutako dirua minbiziaren ikerketara bideratuko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!