San Pedro eta Nemesio Etxaniz kale-inguruak hobetzeko bidea hasi dute Zornotzan

Ekaitz Herrera 2021ko urr. 29a, 09:42

Zornotzako udalbatzak arau subsidiarioak moldatuko ditu San Pedro eta Nemesio Etxaniz kaleen bueltan dauden etxebizitzak hobetzeko. 

Zornotzako udalbatzak arau subsidiarioak moldatuko ditu San Pedro eta Nemesio Etxaniz kaleen artean dagoen eremua hobetzeko. Arau aldaketak 67 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du, eta proiektu urbanistiko horren barruan sartuko dituzte gaur egun orube horretan bertan eraikita dauden etxebizitzak. Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak osoko bilkura amaituta egin dituen adierazpenen arabera, lursail horretan "aspaldiko etxebizitza bloke bi daude. Igogailu barik eta teknikoki txarto daudenak". Hori dela eta, bi bloke horiek proiektu berrian txertatuko dituzte, bertako bizilagunen etxebizitzak hobetzeko. Andoni Agirrebeitia alkateak gaineratu du bi etxebizitza bloke horietan bizi diren bizilagunek proiektua babesten dutela. Bestalde, etxebizitza berrien "%40" Babes Ofiizialeko Etxebizitzak izango direla jakinarazi dute gobernu taldeko kideek.

Ezezkoa eta abstentzioa

Arau subsidiarioen moldaketak EAJren eta PSE-EEren botoekin egin du aurrera. EH Bilduk kontra egin du. "Exekuzio unitate honen bolumetria 6.674 metro karratutik 8.385 metro karratutara" handituko dela eta, "zalantzagarria" iruditu zaio udalak "ezohiko moldaketa puntual horretan" inbertituko duen dirua, "enpresa pribatu baten etekinera" bideratu daitekeelako. "Eskatzen duguna da udalak etxebizitzak erostea. Udalaren irabaziak etxebizitza sozialetara bideratzea", esan du Ander Uriarte bozeramaileak. Bestalde, Elkarrekin Podemos alderdiko Alba Gutiérrez zinegotziak abstentziora jo du. "Ez dugu moldaketaren premia babesten. Ez dugu etxebizitza eredua partekatzen", adierazi du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!