Zornotzako oposizioko alderdiek diote udalak Forjako jauregia botatzea saihesteko "legezko tresnak" izan arren, ez dituela erabili

Ekaitz Herrera 2021ko urr. 14a, 13:28

EH Bilduko zinegotzi Ander Uriarte eta Alba Gutiérrez Elkarrekin Podemosekoa.

EH Bilduko Ander Uriartek esan du Zornotzako "Hiri Antolamendurako Plan Orokorra atzeratzeak" eta haren "lehen onarpena udaletxean egin barik" egoteak eragin duela eraikina botatzea.

Zornotzan oposizioan dauden alderdi biek agerraldia egin dute, eta adierazi dute gobernu taldeak eraikina botatzea "saihesteko alternatibak eta legezko tresnak" izan dituen arren, ez dituela erabili. Horri guztiari gehitu diote udal gobernu taldeak "hainbat arau urratu" duela. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen esanetan, "EAJk eta PSE-EEk ez dute "2015eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerapena errespetatu", bertan eraikina "ondare historiko" lez izendatzen zelako eta horren arabera eraikina "ezin zelako bota". Ander Uriarte EH Bilduko zinegotziak esan duenez, HAPOaren "atzerapenak", eta "HAPOaren lehen onespena oraindik udaletxean eztabaidatu barik egoteak" ekarri du Forjarien jauregia "presaz" botatzea.

Horrez gainera, alderdi biek gaineratu dute, eraikina bota ahal izateko baimena emanda gobernu taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarea Babesteko Legea "urratu" duela. Oposizioko alderdi biek kritikatu dutenez, udal gobernu taldeak "gurago izan du eraikin historiko hori bertan behera utzi, ondare historiko lez izendatu eta Zornotzako bizilagunen eskura ipini baino".

Oposizioko alderdiek adierazi dutenez, Forjarien jauregiko jabea Vusa eraikuntza enpresa da. ">Vusak 2017an hasi zituen jauregia botatzeko izapideak, eta iazko urrian Zornotzako Udaleko Hirigintza Sailak "horretarako baimena" eman zion. Alderdi biek gaineratu dutenez, azken urteotan "eraikin berezi ugari" desagertu dira herritik, "espekulazio hutsagaitik" eta ondarea babesteko "udal politika eskasagaitik". Jauregibarriako postetxe zaharra, tren geltoki zaharra, Betarraganeko baserria edo Iza alkate ohiaren etxea ipini dute adibide modura. 

Forjarien jauregia zena, gaur eguerdian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!