Zornotza Saskibaloi Taldeak garaipenagaz hasi du aurtengo denboraldia

Anboto 2021ko urr. 13a, 09:57
Joan zen asteburuko partiduko irudia (Argazkia: Luis Iturrioz)

Mikel Garitaonandiaren mutilek goitik behera agindu zuten asteburuko partiduan; Oier Ardanza durangarrak zortzi puntugaz lagundu zion taldeari; egindako biko lau jaurtiketak sartu zituen.

Zornotza Saskibaloi Taldeak pasada ederra eman zion Gijon Baloncesto taldeari Zilarrezko Ligako lehenengo jardunaldian: 93-66. Mikel Garitaonandiaren mutilak gehiago izan ziren bigarren laurdenetik aurrera, eta garaipena ez zen une batean ere arriskuan egon.

Hirukoen marratik egoki aritu ziren: 10 hiruko, %32ko portzentajeagaz. Aurtengo fitxaketa bat, Reginald Agbeko ghanatarra, izan zen taldeko saskiratzaile nagusia: 19 puntu eta %80ko portzentajea biko jaurtiketetan (10etik 8). Oier Ardanza durangarrak 18 minutu jokatu eta zortzi puntu egin zituen: biko lau jaurtiketa egin eta laurak barrura joan ziren. 

Lehenengo partidutik beste gauza bi ere nabarmendu daitezke. Batetik, Asier Artaraz gaztearen debuta izan zela Zornotzagaz Zilarrezko Ligan. Bestetik, aspaldiko partez jokalariek zaleen berotasuna sentitu zutela Larreako kantxan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!