Manifestazioa iluntzeko 20:30ean abiatu da udal plazatik eta herriko kaleak zeharkatu ondoren gaztetxean bertan amaitu da. Ibilbide osoan zehar, manifestariek Zornotzako eta Euskal Herriko gaztetxeen aldeko oihuak bota dituzte. Okupazioaren eta etxebizitza eskubidearen aldeko mezuak zabaldu dituzte, espekulazioaren kontrakoak ere tartekatuta. Gaztetxeko kideek irailaren erdialdean jaso zuten kanporatze agindua eta bihar goizean agortuko zaie eraikinetik irteteko epemuga. Gaztetxean herritar errefuxiatu bat bizi da eta bertako kideek hainbat bider kritikatu dute haren “egoeraren larritasuna” ez dela kontuan hartu.