Zornotzako Udalak enplegu plana indartu gura du

Anboto 2021ko urr. 5a, 09:56

Hori diote adierazleek, gauzak onera egiten ari direla apurka-apurka. Zornotzako Udalak halantxik jakinarazi du. Herriko enplegua "ondo" ari dela berreskuratzen, eta antzera bateko aurreikuspena egin du datozen urte biei begira.

"Hori erakusten dute azken datuek. Batetik, langabezia tasa murrizten ari delako apurka-apurka, eta, bestetik, udal enplegu-bulegoan kudeatutako lan eskaintzen kopuruak etengabe gora egin duelako", adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak. Dena dela, gogorarazi du krisialdi soziosanitarioak hemen jarraitzen duela eta oraingoz ezer ere ez dela ziurra. Hain zuzen ere, etorkizuna egungo ziurgabetasun egoera konpontzeko moduagaz eta munduko ekonomiak hartuko duen bideagaz egongo delako baldintzatuta. "Horregaitik, Zornotzako Udalak zuhur jokatuko du eta gure herritarren enplegagarritasuna hobetuko duten politikak lantzen jarraituko dugu", argitu du alkateak.

Bide horretan sakontzeko asmoz, udalak Enplegu Plan Integrala indartzea erabaki du. 673.000 euro inbertituko ditu urtero-urtero. Udalari dagozkion arloetan zuzeneko kontratazioak egitea, enpresei diru laguntzak ematea eta ekintzailetasuna sustatzea dira aurrera begirako ildo nagusietariko batzuk. Bestalde, enplegagarritasunari eta prestakuntzari loturiko hainbat foro antolatuko dute aurrerago. Sinergiak landu gura dituzte udalerriko ekonomia eta enplegagarritasuna hobetzen joateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!