“Ilusioz eta gogoz ikusten ditut jokalariak, baina oso maila gogorra da”

Aitziber Basauri 2021ko urr. 3a, 10:20

Juanjo Batiz (Zornotza, 1957) urtarrilean zen erretiroa hartzekoa, azken 20 urteak Amorebieta futbol taldearen autobus gidari ibili eta gero. Hala ere, taldeak Bigarren Mailara igotzea lortu du aurten, eta denboraldia amaitu bitartean behintzat, Batizek erretiroa atzeratzea eta taldeagaz jarraitzea erabaki du. Futbolean jokatutakoa da zornotzarra, beheragoko kategoriatan. Inguruan mugitzen den diruak futbola desitxuratu egin duela uste du.

20 urtek askorako ematen dute. Baduzu kontatzeko moduko anekdota edo sekreturik?
Ez! (barrez) Jokalariak ondo portatzen dira. Gainera, autobuseko kontuak han geratzen dira. Mailaz igo gareneko momentu horiek ditut gogoan. Ederra izan zen Hirugarren Mailara igotzea, are gehiago Bigarren B Mailara. Ilusio handiagaz bizi izan nuen hura. Eta zer esanik ez aurten Bigarren Mailara igotzea lortu izana. Inork ere ez zuen halakorik espero, eta hor gaude. Itzela izan da!

Zelakoa izan zen azken lorpen hori?
Deskribaezina. Mailaz igotzea lortu zuten azken partidu horretan ez nintzen han egon. Madrilen nengoen eta telefonoz berba egin nuen jokalariekin. Handia, oso handia izan zen. Aurreko partiduan egon nintzen, Linaresen kontra irabazitakoan. Hura sekulakoa izan zen. Gero, Badajozi ere irabazi genion, galdutzat genuenean.

Zelan ikusten duzu Amorebieta Bigarren Mailan?
Ilusioz eta gogoz ikusten ditut jokalariak, baina oso maila gogorra da. Emaitzak hobeto joatea espero dugu. Orain arte ez dute txarto jokatu, baina aukera dagoenean gola sartu behar da. Aukera horiek ez aprobetxatzea garesti ordaintzen da maila honetan. Ez dago sekreturik, futbola aspaldi asmatuta dago.

Zer eskatuko zenioke taldeari?
Diren modukoak izaten jarraitzea, lagun taldea. Etorriko dira emaitzak. Eta mailari eustea, jakina! Taldea beti egon da bat eginda, horregaitik egin du egin duen bidea.

Zu zeu ere talde horren parte zara...
Bidaietan eurekin nago momentu oro, hartu-eman berezia sortzen da denon artean: jokalariak, talde teknikoa, zuzendaritza....

Futbolzale amorratua zara?
Ez naiz zaletu amorratua, baina gustatzen zait futbola. Amorebietako bazkide naiz bizi osoan. Ondo jokatzen dutenean ondo jokatzen dutela diot eta txarto jokatzen dutenean txarto jokatzen dutela.

Amorebietako jarraitzaile leiala zara ala beste batzuen zale ere bazara?
Lehenengo, Amorebietako naiz, jakina. Gero, Athleticekoa.

Zelan biziko zenuke Amorebietaren eta Athleticen arteko partidua?
Oso polita litzateke, baina pentsaezina. Amorebieta Lehen Mailara igota jokatu beharko litzateke; hobe hori Athletic jaitsita baino. Dena dela, Amorebietaren alde egingo nuke.

Ikusten duzu taldea Lehen Mailan?
Amets bat litzateke, betetzeko oso gatxa. Arrazoi ekonomikoak, futbol zelaia... gauza asko daude tarteko.

Mailari eutsiz gero edo Lehen Mailara igotzen badira, jarraituko duzu autosuba gidatzen?
Ikusiko dugu, ea zelan doan dena. Badut denbora horretan pentsatzeko. Urte asko eman ditut lanean eta badut gogoa erretiroa hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!