Andres Espinosa mendizale zornotzarra gogoratzeko mendi irteera egingo dute domekan

Anboto 2021ko ira. 28a, 10:16

Bi ibilbide izango dira aurten ere: luzea, 22,5 kilometrokoa eta laburra, 6 kilometrokoa.

Zornotzako Udalak Andres Espinosa mendizale zornotzarra gogora ekarriko du beste urtebetez, urriaren 3an antolatu duen mendi ibilbidearekin. Espinosa izan zen Euskal Herritik kanpo ezaguna egin zen aurreneko mendizalea; izan ere, beste hainbat balentrien artean, aurrenekoa izan zen Mont Blanck eta Kilimanjaro bakarrik igotzen, 1929 eta 1939 urteetan, hurrenez hurren. Era berean, aurreneko mendizale euskalduna izan zen Himalaiako mendikatera gerturatzen. Bere bizitzan zehar lotura zuzena izan zuen Espinosak Amorebieta Kirol Elkartearekin, eta Udalak eta zornotzarrek urtero-urtero omentzen dute ‘Andres Espinosa Gogoratzen’ irteerarekin.

Bi ibilbide Jauregibarria parketik aterata

Espinosaren omenezko bi ibilbide izango dira aurten ere Zornotzan. Ibilbide nagusia, 22,6 kilometrokoa da eta 08:00etan aterako da Jauregibarria parketik. Ibilbide laburra aldiz, 6 kilometrokoa, familia giroan eta etxeko txikiekin egiteko aproposa da; 10:00etan aterako da, Jauregibarria parketik baita ere.

PR BI-74 izena du Espinosaren omenez egiten den ibilbideak. Homologatua dago eta helburua da hiru interpretazio mahairen laguntzarekin, eta gida baten azalpenekin, Andres Espinosaren bizitza eta abenturak ezagutzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!