Gutierrezek, Salsamendik eta Irribarriak irabazi dituzte Master Kaiolako txapelak

Joseba Derteano 2021ko ira. 20a, 09:34

Finalista guztiak Amorebietako pilotalekuan, txapeldunak erdian direla.

Zapatuan lau t'erdiko hiru final hartu zituen Zornotzako pilotalekuak.

22 urtez azpiko mailan, Sergio Gutierrez errioxarrak jantzi zuen txapela Oier Ariztegi nafarra 22-18 menderatu ostean. Partidu gogor eta fisikoa jokatu zuten. Ariztegik ondo bideratuta zeukan finala (18-12) atzamar batean min hartu zuenean. Ordutik aurrera asko sufritu zuen eta Gutierrezek buelta eman zion finalari.

Emakumeetan Laia Salsamendi nafarrarentzat izan zen txapela Zaramagako Leire Garairi 22-12 irabazita. Partiduaren hasieran egon zen gakoa. Salsamendik orduan hartu zuen gerora erabakiorra izango zen aldea (12-2). Bigarren zatia berdindua izan zen, baina Salsamendik aldeari eutsi zion.

Azkenik, gazteetan Ekhi Irribarriarentzat izan zen garaipena. Txapelketa bikaina egitetik zetorren Igotz Bilbao menderatu zuen finalean: 22-12. Irribarriaren kolpe indartsuak desorekatu zuen finala. Aramarrak indarraren legea ezarri zuen. Hala ere, Bilbaok meritu handiko finala jokatu zuen, sekula ez zuelako etsi eta tanto politak egin zituelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!