[BIDEOA] “Imajinatu gura nuke 'Nora' aurtengo sarietan sorpresa bat ematen”

Ainhoa Iraola / Aritz Maldonado 2021ko ira. 17a, 13:30

Lara Izagirrerentzat "festa" bat da 'Nora' pelikula herritarren aurrean aurkeztu ahal izatea. "Herriak niri emandakoa herriari bueltatzeko aukera da pelikula astebetez bertan aurkeztea". "Hunkituta" dago jasoriko harreragaz. Irailaren 20ra arte ikusgai egongo da Nora Zornotza Aretoan. 

Zelako astea izaten ari da?
Abuztuaren 25ean hasi ginen promozioagaz, eta ordutik hona ez gara gelditu; Madril, Bartzelona, Getxoko autozinea, eta, gero, zinema aretoetako estreinua. Irailaren 10ean, nire urtegunean, Zornotzako aurkezpenei ekin genien. Oso polita izaten ari da.

Nire ustez, zornotzarrentzat festa bat da. Garai hauetan eskertzekoa da argitasun apur bat. Albiste ilun asko egon da uda honetan, eta herriak eman didana hari bueltatzeko aukera da pelikula. Niretzat oso polita da maite dudan jendea zinema aretoan ikustea egunero. Pelikula gogoko dutela uste dut.

'Nora'-k bizitzeko gogoa transmititzen duela esango nuke.
Hasieratik, pelikula polit bat egin gura genuen, besarkada baten parekoa izatea gura genuen. Azken sasoian ia debekatuta eduki dugu besarkatzea, eta orain publikotik esatea pelikula besarkada bat jasotzearen modukoa dela oso polita da

Zein garrantzia du Zornotzak zure zinemagintzan?
Gertuko gauzak kontatzen ditut, eta emakume protagonistak herri batean kokatu behar ditudanez, Zornotzan egin dut. Niretzat errazena da, ezagutzen dudalako. Gainera, zintzoena iruditzen zait. Zergaitik aukeratu beste herri bat nirea dudanean? Gainera, Zornotza ez da homogeneoa herri lez. Un otoño sin Berlín-eko Zornotza eta Nora-koa ez dira berdinak. Grabatzeko herri bat behar dudanetan, bertan grabatzen jarraituko dudala uste dut.

Lantaldean zornotzarrak egoteak lagunduko du.
Gaizka Bourgeaud argazki zuzendaria ere zornotzarra da. Beragaz lan egitea oso erraza da, biok zerbait imajinatzean antzerakoa imajinatzen dugu. Kostaldeko herri batekoak ez izatera, kostaldea zelan ikusten dugun erakusten dugu. Nora pelikulan lez, Zornotzatik irten eta bueltatzen ari gara, bertan grabatu ostean, aurkezpenak egitera.

Izaro Andres mallabitarrak ere parte hartzen du pelikulan. Nolatan?
Izaroren musika ezagutzen nuen, eta oso gustuko dut. Bera ez nuen ezagutzen, baina istorioa kontatu nionean, oso erraz konektatu zuen pelikularen arimagaz. Esango nuke amaierako zati hau dabilela izaten ederrena. Uste dut oso kolaborazio polita dela, elkar eragiten duena.

Zein izango da pelikularen ibilbidea hemendik aurrera?
Ez dakigu zenbat gehiago egongo den zinemetan. 3-4 astez jarraituko duela esango nuke. Gero, ez dakit. Imajinatu gura nuke Nora aurtengo sarietan sorpresaren bategaz. Gustatuko litzaidake Ane Pikazak edo Izarok sariren bat eramatea; Aneren lan ederrak aktore hasi berrien kategorian, edo Izarorenak musikaren kategorian aukerak eduki ditzaketela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!