Zapatuan lau t'erdiko Master Kaiola txapelketako finalak jokatuko dituzte Zornotzan

Joseba Derteano 2021ko ira. 14a, 13:14
Master Kaiola txapelketako lau protagonista: Zubizarreta eta Irribarria gazteetan, eta, Arrizabalaga eta Garai emakumeetan. (Argazkia: Lagun Onak)

Iker Irribarriaren anaia den Ekhi Irribarria izango da protagonistetako bat.

Urtero afizionatuetako gazterik onenak batzen ditu Master Kaiola txapelketak eta aurtengo finalistak erabakita daude: Gazte mailan Igotz Bilbaok eta Ekhi Irribarriak neurtuko dituzte indarrak; 22 urtez azpikoan Oier Ariztegik eta Sergio Gutierrezek eta emakumeetan Leire Garaik eta Laia Salsamendik. Finala zapatuan, 16:30etik aurrera jokatuko dituzte, Zornotzako Amorebieta IV pilotalekuan.

Bilbaok behe-behetik hasi zuen txapelketa eta kanporaketa denak gainditu ditu finalera bidean. Xabier Rekalderen kontrako finalerdian aldapa gora jarritako partiduari (1-12) buelta eman zion eta meritu handiko garaipena lortu zuen: 22-21. Ekhi Irribarriak —buruz buruko txapela birritan jantzi duen Ikerren anaia— kadete adina du eta bere adinekoa den Iraitz Zubizarretaren kontra aritu zen finalerdietan. Partidu parekatua jokatu zuten hamaseinako berdinketara arte. Ordutik aurrera, Irribarriak piloteoan agintzea lortu zuen eta zuzenean joan zen 22ra.

Salsamendi erakustaldi ikaragarriak ematetik zetorren, baina finalerdietan gauzak oso zail jarri zizkion Miren Larrarte gipuzkoarrak. 11-3 atzetik joan zen. Ondoren erreakzionatu egin zuen eta  pare-parean heldu ziren azken txanpara: 20-20. Azken tanto biak Salsamendik egin zituen finalerako txartela eskuratuz. Bigarren finalerdian, Garaik ezustekoa eman zuen Olatz Arrizabalaga faboritoari irabazita: 22-17. Irabazleak berea eman zuen eta galtzaileak nahi baino akats gehiago egin zituen.

Azkenik 22 urtez azpikoan, Gutierrezek ozta-ozta gainditu zuen Fernandez: 22-21. Errioxar biek ikuskizun ederra eskaini zuten eta bata zein bestea heldu zitekeen finalera. Bigarren finalerdian, Ariztegik tantoei jarritako erritmo biziari esker lortu zuen partidua haustea eta Etxaniz menderatzea: 22-13. Prestaketa fisiko ikaragarria izateaz gainera, errekurtso askoko pilotaria dela erakutsi zuen partiduko une askotan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!