[BIDEOA] “Ilusioa agortu arte jarraituko dut futbolean; hankek erantzungo dute ilusioari eusten diodan bitartean”

Anboto 2021ko ira. 10a, 09:30

Taldera ondo egokitu dela dio eta aldageletako giro ona azpimarratu du Bigarren Mailari eusteko gako modura. Amorebietagaz aurrean duen erronka berrian zentratuta du burua Mikel San Josek (Atarrabia, 1989) eta ez du etorkizunari buruz gehiegi pentsatzen. llusioari eusten dion bitartean futbolean jarraituko duela dio, eta gero gerokoak.

Gerriko uzkurdura bat izan duzu oraintsu. Errekuperatuta?
Gutxi gorabehera bai. Gaztetatik arazo batzuk izan ditut gerrian, eta oraindik arazoak ematen dizkit noizean behin. Baina, tira, bai, errekuperatuta nago.

Eta zelan zaude fisikoki?
Oso ondo. Fisikoki zein mentalki. Lehenengo egunetik bertatik.

Azken partidu bietan garaipen bat eta berdinketa bat. Taldearen konfiantzarako ondo datozen emaitzak.
Bai, noski. Lehenengo partidu biak galduta animoa ez zen jaitsi, baina irabazteko behar hori sortu zitekeen… Beraz, azken jardunaldi bietako emaitzak oso ondo etorri zaizkigu animorako. Nik hasieratik esan dut denboraldi hau oso luzea egingo dela eta bidean momentu onak eta txarrak izango ditugula. Normala da.

Bigarren Mailari eusteko gakoa non dago?
Aldageletan dugun giro onari eustea da gakoetariko bat. Iaztik jarraitzen dutenen eta aurten batu garenon artean talde batua osatu dugu. Horrek puntuak emango dizkigula eta diferentzia markatu dezakeela uste dut.

Zelan hartu du aldagelak jokalari ilustre baten ailegaera?
Ederto. Bat gehiago lez hartu naute, izan behar den moduan. Denok futbolean gabiltza txiki-txikitatik eta maite dugun kirola da. Berdinak gara. Ni beste bat gehiago naiz euren artean, horrela sentiarazi naute lehenengo egunetik eta neuk ere horrelaxe aurkeztu nuen neure burua. Nire nahia taldeari laguntzea da; posible den neurrian, zelai barruan, eta ezin bada, aulkian edo harmailetan. Denok ipini behar dugu gure aletxoa mailari eusteko erronka errealitate bihurtzeko.

Euskal jokalariz osaturiko taldea da Amorebieta. Filosofia horrek izan du eraginik zu Amorebietara etortzeagaz?
Ez gehiegirik. Banekien zelako taldea zen, baina jokalari guztiak euskaldunak izatea polita da. Amorebieta eta Athletic taldeekin demostratzen da futbol profesionalean berdin-berdin lehiakor izan daitekeela bertako jokalariekin.

Denbora laburrean izan bazen ere, Iñigo Velez da Mendizabal entrenatzailea zure taldekide izan zen, ezta?
Iñigo eta biok egun batean edo bitan baino ez ginen izan taldekide, eta orain urte mordoa izan zen. Beraz, oraintxe ari gara elkar ezagutzen, eta ez zait arraroa egiten. Oso gustura nago berarekin.

Amorebietagaz Lezaman lehenengoz jokatu zenuenean arraroa izan zen zuri-gorria ez den beste kamiseta bat janztea?
Lezaman urdina janztea ez da ohikoena (barrez). Jokalariontzat, klubarentzat eta zaleentzat Urritxen jokatzea zen onena, baina Lezamara joatea egokitu da. Azkenean, kamiseta bat edo bestea janztea baino gehiago, nik jokatutako lehenengo partidua irabazi izana izan zen bereziena niretzat.

Zenbat futbol geratzen zaio Mikel San Joseri hanketan? Eta buruan?
Hanketan baino gehiago, buruan geratzen denari erreparatzen diot. Jokalari batek mantendu behar duena ilusioa da eta hori agortu arte jarraituko dut futbolean. Egunero ohetik jaiki, zeure buruari "entrenatzera noa" esan eta gustura sentitzea da behinena. Hankek berea emango dute ilusioari eusten diodan bitartean.

Athleticen jokaturiko hamarkadan, Durangaldeko jokalari askogaz partekatu zenuen aldagela: Xabi Etxeitagaz, Ander Iturraspegaz, Eneko Bovedagaz, Fernando Amorebietagaz, Ustaritz Aldekoa-Otaloragaz eta gehiagogaz. Hartu-emanik mantentzen duzu baten bategaz?
Gehienbat Iturrasperekin. Bovedarekin zertxobait bai, Etxeitarekin ere bai… Azkenean urte asko eman genituen elkarrekin. Ez gara egunero egoten, bakoitzak bere bidea egin du, baina harreman hori mantentzen da eta aurten, gainera, ni hemen egonda gehiago ikustea espero dut.

Birminghamera joan zinen, zure ibilbidearen hasieran Liverpoolen bizitako sentsazio eta bizipenak errepikatu guran, baina COVIDak dena hondatu zizun.
Bai niri eta bai familiari. Nire azken kontratua izateko esperantzarekin joan nintzen hara. Hiru-lau urte han ematera. Ez nuen ume txiki birekin toki batetik bestera mugitzen ibili nahi. Gustura egongo nintzen toki bat bilatu eta han geratu nahi nuen. Eta horixe aurkitu nuen Birminghamen. Gainera, Aitor Karanka zen entrenatzailea eta taldeko giroa oso ona zen. Ingelesarekin ondo moldatzen nintzen, urte asko lehenago ikasitakoa berreskuratuz. Umeak ere pozik zebiltzan eskolan. Baina birusak dena aldatu zuen. Denbora luzez, etxetik kanpora ez genuen bizitzarik eduki eta umeek eskola utzi behar izan zuten. Esperientzia berri bat horrela bizitzea ez da erosoa eta gustukoa. Beraz, itzultzea erabaki genuen.

Ingalaterrako Bigarren Maila ala Espainiakoa, zein da indartsuagoa?
Oso desberdinak dira. Ingalaterrakoa oso fisikoa eta zuzena da. Ez dago geldialdirik. Espainiakoan etenaldi luzeagoak daude eta teknikoagoa da. Lehenengo mailekin berdin gertatzen da.

Jokalari asko herrialde exotikoetara joaten da euren ibilbidearen azkenean, dirua dagoen tokira. Zuk bilatu duzu horrelakorik?
Nire ibilbidean mugitu izan nauen arrazoia toki batean gustura egotea eta eroso sentitzea da, besterik ez. Birminghamera arrazoi horregatik joan nintzen. Ez dut sekula bilatu urrun edo herrialde exotiko batera joatea dirua egitera. Lehenengo eta behin familia dago, eurak ondo sentitzea inportantea da niretzat.

Futbol ibilbidea amaitzean, futbol munduari modu batera edo bestera lotuta jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Ez dakit. Egia esanda, oraindik ez dut horretan pentsatu. Mundu guztiak esaten dit horretan pentsatzen hasi behar dudala, baina ikusiko dugu. Dakidana da umetatik baloiarekin nabilela eta futbola gustatzen zaidala. Modu batera edo bestera, futbolari lotuta egongo naiz, seguru.

Futbolari batzuek diote adinean aurrera joan ahala futbola modu analitikoan aztertzeko joera handitzen zaiela. Zuri berdina gertatzen zaizu?
Egia da orain zelaitik kanpora nagoenean 20 urterekin ikusten ez nituen gauza asko ikusten ditudala. Prozesu bat da. Hala ere, sistemak, metodoak, jokamoldeak…futbola eremu zabala da eta asko  dago ikasteko.

Udan Olinpiar Jokoak izan dira, Eurokopa ere bai. Inoiz ikusiko ote dugu euskal selekzioa euretariko batean lehiatzen?
Baietz espero dut. Nik uste dut dena dela posible. Beraz, zergatik ez euskal selekzioa Eurokopa batean lehian ikustea? Nik esperantzari eusten diot.

Sare sozialetan zure usteak eta iritzia garbi adierazten dituen horietarikoa zara. Zer poz eta zer disgustu ekarri dizkizu fazeta horrek?
Nire sare sozialak sortu nituenean, jendeak Mikel San Jose jokalaria eta pertsona ezagutu zitzan sortu nituen. Jokalari bat pertsona modura zelakoa den ezagutzeak jende asko pozten duela esango nuke, eta horixe zen nire helburua. Alde horretatik, positiboa izan da. Hortik aurrera, nik jartzen dudana edo pentsatzen dudana batzuei gustatuko zaie eta beste batzuei ez, batzuek errespetatuko dute eta beste batzuek ez, baina hori mundu guztiari gertatzen zaio sare sozialetan. Ez dit lorik kentzen.

 LABUR-LABUR

Futbola ez den gustuko kirol bat?
Pilota.

Pilotari bat?
Juan Martinez de Irujo.

Umetan zein futbolari gustatzen zitzaizun?
Ume-umetan ez nuen futbolari kutun bat. Apur bat nagusitu nintzenean, Carlos Gurpegi.

Futbolari zarela gehien harritu zaituen taldekidea?
Fran Yeste, zuen kalitateagatik. Urtebete baino ez nuen eman berarekin, baina Athleticen aurkitu dudan jokalaririk ezberdinena eta bereziena da.

Eta aurkari moduan?

Messi esatea da errezena, baina Iniesta esango dut. Txikia izanagatik azkarra, kalitate handikoa…

Zure ibilbidean garrantzitsua izan den entrenatzaile bat?
Asko daude, baina bereziena Ernesto Valverde.

Sareetan askotan idazten duzu El Conquistador telebista saioari buruz.  Erretiratzen zarenean parte hartzeko eskaintzen badizute…
Pentsatuko nuke. Gustatuko litzaidake, baina ikusi egin behar gerria eta bizkarra zelan ditudan (barreak).

Zein izan da Spotifyn entzun duzun azken abestia?
'Katedral bat' [Berri Txarrak]. Kotxean horixe entzuten heldu naiz gaur entrenamendura.

Erosi diezu zure umeei Amorebietaren kamiseta?
Athleticekoa eta Birminghamekoa badituzte eta Amorebietarena laster izango dute, klubeko dendara heltzen denean.

San Mames ala Anfield?
San Mames, euskalduna naizelako eta han jokatzea nire ametsa zelako. Hori bai, gomendio bat futbolzaleentzat: Anfield-en egon beharra dago, bizitzan behin baino ez bada ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!