Joan zen asteburuan, hirugarren jardunaldian heldu zen Amorebietaren lehenengo garaipena. Behar zenuten zuen buruan gehiago sinesteko?
Konfiantza eta motibazioa sobera dugu. Sinestuta gaude mailari eutsiko diogula. Baina garaipenak lasaitasun apur bat ematen du, bai. Lehenengo hiru partiduak galdu bagenitu, irabazi ezin denaren itzal moduko bat sortu zitekeen.
Almeriaren moduko talde indartsu baten kontra hirugarren minuturako 0-1 atzetik jartzeak itzal horren atarikoa zirudien.
Gol horrek, jakina, partidurako genituen plan guztiak zapuztu zizkigun. Baina taldeak egoerari buelta emateko nortasuna erakutsi zuen. Gauzak ondo egiten baditugu, partidu asko irabaziko ditugula uste dugu. Jarrera horri eutsiko diogu, partiduetan aurretik zein atzetik joan.
Zelan definituko zenuke aldagelako giroa?
Oso ona. Kuadrilla baten modukoa gara eta oso batuta gaude. Hori zelaian islatzen dela uste dut, eta esango nuke Almeriaren kontrako garaipena adibide ona dela batasun hori erakusteko. Taldeko giroari dagokionez, Amorebieta Bigarren Mailako talderik indartsuena da nire ustez.
Bigarren B Mailan aritzetik Bigarren Mailan aritzera, zelan aldatzen da futbolari baten bizimodua?
Dezente aldatzen da. Bigarren Maila askoz ere profesionalagoa da eta denak futboletik bizi dira. Zure bizimodua ere egoera horretara egokitzen da eta futbolera bideratuta bizi zara.
Futbola da orain zure bizitzako erdigunea?
Bai, orain, batez ere, futbolean zentratuta nago. Hala ere, argi dut futbolari baten ibilbidea laburra dela eta horregaitik jarraitzen dut ikasten. Enpresa-zuzendaritzako ikasketak egiten nabil.
Zelan egiten zaio aurre profesionalizazioak beragaz dakarren presioari?
Pertsona bakoitzak bere modura bideratzen du presioa. Ni presioa motibazio bihurtzen ahalegintzen naiz, akuilu modura erabiltzen dut. Alde horretatik, lasai nago.
Liga hasierako hiru partiduak titular jokatzeak eta entrenatzailearengandik konfiantza hori sentitzeak ere lagunduko dizu.
Jakina. Konfiantza horrek segurtasun handiagoa ematen dit eta inportantea da Bigarren Mailan lehenengoz jokatzen dabilen jokalari batentzat. Egia esan, mailara egiten nabil oraindino. Mundu hau berria da niretzat.
Jokoaren ikuspegitik, zer da Bigarren Mailan arretarik gehien erakarri dizuna? Jokalari askok jokoaren intentsitatea esaten dute…
Intentsitatea baino gehiago, huts bakar bat ere ezin duzula egin da Bigarren Mailatik orain arte atera dudan ondorio nagusia. Partidua detaileek erabaki dezakete. Aurrelariak oso efikazak dira eta huts bat egiten baduzu, kontuz, gola heltzeko arrisku handia dago eta. Bigarren B Mailan hori ez zen hainbeste gertatzen. Jokoaren abiaduran ere aldea dago.
Zornotzarra izanda, familia, lagunak… denak zure inguruan dituzu. Horrek laguntzen du?
Bai, jakina. Oraindino ez dugu momentu txarrik izan, baina, datozenean, lagunduko didan faktorea izango da hori. Babestuta sentitzen naiz.
Jendeak zer esaten dizu kalean?
Jendea oso ilusionatuta dago, hori nabari dut. Lehen, gutxik zekiten Amorebieta non zegoen, eta orain jende askok ezagutzen du. Hori gustagarria da. Pena bakarra dute, partiduak ez direla Urritxen jokatzen.
Athleticegaz hasi zenuen erronkak ez zuen zuk gura izan zenuen moduan irten. Zeintzuk izan daitezke horren arrazoiak?
Ni pozik nago sasoi hartan hartu nituen erabaki guztiekin; lehenengo denboraldian utzita joateagaz [Amorebietan aritu zen] eta abar. Erabaki ona izan zela uste dut. Kontua da Athleticegaz lehiakortasun handia dagoela; denak oso onak dira eta gatx da nabarmentzea. Gainera, nire postuan jende asko dago eta denek maila handia dute. Begira Vivian zelako mailan dabilen!
Batzuek diote Zubietan Lezaman baino lan hobea egiten dabiltzala azken urteetan…
Zubietan oso lan ona egiten dabiltza, ados nago, baina uste dut Lezaman pareko lana egiten dela. Bai, Sanse Bigarren Mailara igo zen iaz, baina Athleticek ere igotzeko aukerak izan zituen. Athleticek urtero ateratzen ditu bi-hiru jokalari lehenengo mailara igotzeko. Horri bere garrantzia eman behar zaio.