'Nora', Lara Izagirre zornotzarraren film berria, irailaren 10etik aurrera ikusgai Zornotza Aretoan

Anboto 2021ko abu. 26a, 19:30

Pelikula berria irailaren 10etik 20ra bitartean eskainiko dute, egunero. Sarrerak debalde eskuratu ahalko dira irailaren 3tik aurrera.

Zornotzako Udalak hainbat saio antolatu ditu Lara Izagirreren lan berria herritarren aurrean aurkezteko. Zornotza Aretoak Nora filma eskainiko du, egunero, irailaren 10etik 20ra bitartean. Emanaldiak arratsaldeko 20:00etan izango dira eta saio bakoitzaren ostean berbaldi bat eskainiko dute Lara Izagirre zuzendariak, Ane Picaza, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek, Gaizka Borgeaud argazkilaritza zuzendariak eta Itxaso Espinal ekoizpen zuzendariak. Sarrerak debalde eskuratu ahalko dira irailaren 3tik aurrera www.zornotzaaretoa.eus atarian edo Zelaieta zentroan.

Sinopsia

Pelikulan Noraren istorioa kontatzen da. Nora 30 urteko gaztea da eta Nikolasekin bizi da, Argentinako aitonarekin; eta maiz, Meri lagunaren seme-alabak zaintzen ditu. Berak idazten du tokiko aldizkariko horoskopoa, nahiz eta bere ametsa bidaien inguruan idaztea izan. Aitonaren heriotzak eta haren Dyane 6a herentzian jasotzeak Nora animatzen du Euskaditik bidaiatzera. Helburua da aitonaren errautsak amonaren ondoan uztea. Berehala ohartuko da, ordea, bidaiatzea ez dela bere dohainetako bat, eta idazle izateko ametsa aitzakia bat dela aske izateko, hazteko, zauriak ixteko eta aurreneko aldiz, zoriontsu izateko.

Nora Lara Izagirreren bigarren filma da. 2015ean aurkeztu zuen bere lehenengo filma, Un otoño sin Berlín izenekoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!