Zornotzan Betzuen inguruko leizea garbitu dute auzolanean eta 2.400 kilo hondakin atera dituzte

Anboto 2021ko abu. 18a, 09:56

Garbiketa taldeko kideak eta leizetik ateratako hondakin multzoa.

Bernagoitia auzoko Betzuen inguruan dagoen AR-103 leizea garbitu dute auzolanean Euskal Espeleologoen Elkargoak eta Haitzulo Espeleologia taldeak.

Garbiketa aurrera eraman ahal izateko, Bizkaiako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso dute elkarteek. Zornotzako Udalak puntu garbi bat jarri zuen hondakinetarako. Udalak Bernagoitia auzoan jarri zituen 7 eta 10 metroko kubikoko kontainer bana, plastikoa eta errefusa bereizteko; eta beirarentzako edukiontzi bat.

Garbiketa, biodibertsitatean kalterik eragin gabe

Haitzuloaren garbiketa egin ahal izateko, elkarteek baimena eskatu zuten Bizkaiko Foru Aldundian, izan ere, leizea Urkiolako Parke Naturalaren eta KBEko babeserako eremuaren mugan dago. "Egindako garbiketek ez dute kalterik eragin leizearen biodibertsitatean, alderantziz. Burututako lanak onuragarriak izan dira, haitzuloaren funtsezko elementuak eta interes komunitarioko habitatak berreskuratu baitira", azaldu du Zornotzako Udalak ohar batean.

2.400 kilo hondakin, zazpi joan-etorrian

Boluntarioak 4x4 ibilgailuetan gerturatu ziren haitzulora, eta ateratako hondakin guztiak puntu garbira eramateko zazpi joan-etorri egin behar izan zituzten. Hondakinak leizetik ateratzeko espeleo-sorospen teknikak erabili zituzten, eta denetatik atera zuten: plastikoak, latak, burdin zatiak, gurdi zahar baten gurpila, bidoiak, mangera, pilak, motor bobinak, gailu elektronikoak…Guztira 2.400 kilo hondakin atera zituzten.

Auzolanean, hiru helbururekin

Guztira hamalau lagun aritu ziren garbiketa lanetan, auzolanean: aipatutako bi elkarteetako kideez gain, Aloña Mendi Espeleologia Taldekoak, Grupo de Actividades Espeleológicas de Bilbao-koak eta Felix Ugarte Elkartekoak. "Garbiketarekin espeleologia mundua arrotza zaien horiengana gerturatzea lortu da, haitzulo baten inguruko garbiketaren kontzientzia har dezaten; bestetik, hondakinak dituen haitzulo bat garbitzea; eta azkenik, garbiketa gizarteratzea", azaldu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!