Udalak hilabete inguruan eraiki du pista berria Gure Kirolak pilotaleku ondoan, Nafarroa eta Jauregi Zahar kaleen artean. Zirkuituak, guztira, 110 metroko ibilbidea du eta bi mailatan dago banatuta: ertaina eta aurreratua. Maila ertaineko ibilbideak 90 metro lineal ditu, 1,80 metroko zabalerarekin. "Diseinua maila guztietara dago egokitua, 6 kurbarekin eta 17 oztoporekin; dubbyak eta jauzi bikoitzak egin daitezke bertan. Maila aurreratuak berriz, 20 metro linealeko ibilbidea du, trebetasun handiagoko erabiltzaileentzat diseinatutako bi jauzirekin", azaldu du udalak prentsa oharrean. Zornotzarrek maila ertainetik aurreratura joan-etorria egin ahal izango dute ibilbidearen bi puntutan.
Ia 49.000 euroko inbertsioarekin, asfaltozko Pump Truck pista, herritar guztientzat egokitua izateko diseinatu dagoela azaldu du udalak. "Helburua da, belaunaldi guztiek izatea aukera aire-zabalean egiten den modalitate berri honetaz gozatzeko", dio udalak.