Zornotzako Udalak lizitaziora atera du Dudagoitia auzoa urez hornitzeko sare berriaren obra

Anboto 2021ko abu. 4a, 20:15

Proiektuaren helburua da Dudagoitiako bizilagunei edateko ura ematea. Ur-hornidurarako sare berria egiteko konexioa Dudeako San Miguel auzotik egingo da. Udalak 200.000 euroko inbertsioa aurreikusi du.

Zornotzako udalak prentsa oharrean azaldu duenez, Dudagoitiako auzoak ur edangarria hornituko duen sare berria izango du. Udalak lizitaziora atera du obra Dudeako San Migueletik Dudagoitia auzoraino ur hornidura sare berria egiteko. Horretarako, presio-talde bat instalatuko dute, exekuzio berriko etxola batean; hornidura-sareko konexioa intentsitate handiko polietilenozko hodi baten bidez egingo da. Helburua: edateko urez hornitzea eta ohiko matxurak saihestea.

Gaur egun, Dudagoitiako auzoak ez du udal-saretik datorren edateko urik, berau Aietzako errekako hargune batetik baitator. Ura zaharkituta dagoen sare baten bitartez banatzen da baserrietara, eta sare horrek matxurak izaten ditu sarritan. Gainera, tratamendurik ez duenez, ezin da kontsumitu eta bizilagunek erosi egin behar izaten dute edateko ura. Udalak nabarmendu duenez, proiektu hau gauzatzearekin batera, egungo euri-uren sarea ere hobetuko da; izan ere, egun zailtasunak izaten dituzte euri jasa handien ondorioz sortzen diren urak biltzeko. Lizitazioa zabalik egongo da abuztuaren 25a bitartean. Behin esleituta, lau hilabeteko epea aurreikusi du udalak obra gauzatzeko. Zornotzako Udalak 200.000 euro bideratuko ditu inbertsio honetarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!