Etxanoko auzo elkarteak argazki lehiaketa antolatu du

Anboto 2021ko abu. 2a, 10:00

Lehiaketaren II. edizioa da. Argazkiak aurkezteko epea irailaren 19ra arte dago zabalik. Epaimahaiak 12 argazki aukeratuko ditu eta 2022rako egutegia osatuko dute horiekin.

Etxanoko Andra Mari auzo elkarteak argazki lehiaketa antolatu du bigarrenez. Gaia librea da, baina argazkiak Etxanoko auzo elkartea osatzen duten inguruetan harturikoak izan beharko dira. Hain zuzen ere, honako leku hauetan: Etxanoko herrigunean, Epaltzan, Kaputxen, Bañeran, Altzibarren, Arrindasen, Uruminen, Larraben, Alakaon, Dudean, Intxurtzen, Elortzan, Goiko Elortzan, Etxanosolon eta Torreburun.

Argazki lehiaketan izena emateko epea zabalik dago irailaren 19ra arte. Lanak etxanokoauzoelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dira koloretan zein zuri-beltzean, eta ezingo dira programa informatikoen bidez manipulaturiko irudiak bidali. Argazkiekin batera, egilearen izen-abizenak, telefonoa, argazkiaren titulua eta non hartuta dagoen zehaztu beharko dira.

Elkarteak hiru sari aurreikusi ditu. Lehen saria eskuratzen duenak 250 euro poltsikoratuko ditu. Bigarrenak, 150, eta Etxanoko elkarteko bazkideen arteko argazkirik onenak 100 euro jasoko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!