“Azken kontzertuak formatu elektroakustikoan prestatu ditugu eta uste dugu harrera ona edukitzen gabiltzala”

Aritz Maldonado 2021ko uzt. 25a, 10:00

Eztandap boskotea Asier Fernandezek (gitarra), Asier Goikoetxeak (gitarra), Ion Ander Agorretak (baxua), Aratz Longok (bateria) eta Jonathan Santosek (ahotsa eta teklatuak) osatzen dute. Zornotzako eta Eako (Bizkaia) gazte hauek 2018an osatu zuten taldea.

Zelakoak izan ziren taldearen lehenengo pausoak?
Hasieran, Asik, Goikok eta Melasek osatzen genuen Eztandap, beste lagun batzuekin batera. Taldean aldaketa batzuk egon eta gero, Txonan eta Aratz batu zitzaizkigun eta publikoaren aurrean Zornotzako Kantuz kantu ekitaldian agertu ginen lehenengoz. Proiektu horren barruan, Zornotzako antzinako abesti bi bertsionatzeko enkargua jaso genuen; San Juan de la Porta Letaña eta Azkuek bere kantutegian jaso zuen Agura Zarkillun, Luciana Estankonari entzunikoa, hain zuzen ere. Horrela, herriko beste artista batzuekin batera CD bat grabatu genuen. Esperientzia honen ondoren, orain dela gutxi kaleratu dugun Kondor diskoko abestiak prestatzeari ekin genion.

Oker ez banago, birritan grabatu dituzue diskoko abestiak. Zergaitik?
Diskoa Julen Alberdi soinu teknikari eta baxujoleagaz (Blanco y en botella eta Supercremalleras) grabatu genuen. Lehenengo bost abestiak grabatuta genituenean, Julenen ordenagailua hondatu egin zen eta eginiko lan guztia galdu genuen. Berriro ere grabazioari ekin genionean, pandemiak harrapatu gintuen eta dena gelditzera behartu gintuen. Hala ere, berriro ere grabatzea aberasgarria izan da, patxada gehiagogaz hartu genuelako grabaketa prozesua, eta emaitza, gure ustez, hobea izan da.

Zer topatu dezake entzuleak?
Entzuleak gure musikaz disfrutatzea baino ez dauka. Euskal rocka oinarri, funk, punk eta blues estiloetatik pasaturiko erritmoak aurkituko ditu gure musikan.

Zergatik 'Kondor'?
Julenen estudioa Zornotzako Kondor industrialdean dago. Grabatzen hasi ginenean, konturatu ginen izen horrek lotura zuela gure abestietan erabiltzen genituen erreferentzia batzuekin. Hegazti mitologikoa izanik, ondo sinbolizatzen ditu gure letretan agertzen diren influentzia mitologikoak (Ikarus edo Samhain abestietan, esaterako), edo hauen bitartez adierazten diren esperientzia gora-beheratsuak.

Zeintzuk dira zuen eraginak, influentziak, musikalki?
Taldeko guztiok gustuko dugu 80ko hamarkadan zegoen rocka. Horrez gainera, euskal musika taldeen jarraitzaileak izan gara betidanik; Kuraiarena edo gure inguruko Mockers eta Eskean Kristö taldeena esaterako. Atzerriko musikak ere eragina izan du gugan: The Bellrays, Jimmy Hendrix edo Stevie Wonder aipatu ditzakegu beste askoren artean.

Zeri buruzkoak dira hitzak? Zelan inspiratzen zarete?
Diskoak ez dauka gai finkorik. Abesti bakoitzari bere espiritu propioa ematen ahalegintzen gara. Batzuk gai sozialen ingurukoak dira, eta beste batzuk mitologiaz baliatzen dira gure esperientzia pertsonalak adierazteko.

Hainbat kontzertu eskaini duzue. Zelan moldatu zarete egungo osasun neurriekin jotzeko?
Egia esan, pandemiak min handia egin du kulturan, eta kontzertu asko bertan behera geratu dira. Hasieran ez zaigu erraza egin kontzertuetan jendea jesarrita eta musukoak ipinita ikustea, eszenatokitik bajatzea eta jendeagaz hartu-eman estua izatea gustatzen zaigulako. Egoera honi aurre egiteko, formatu elektroakustikoan prestatu ditugu azken kontzertuak, eta oraingoz nahiko harrera ona izan dutela uste dugu.

Aurrera begira, zein asmo duzue?
Oraingoz, gure asmoa Kondor erakusten jarraitzea da. Baditugu abesti berriak labean, baina oraindino lana dugu egiteko. Ia datorren urtean proiektu berri bat argitaratzeko gai garen. Funkyds abestian diogun moduan: The meantime means the whole [Erdibidean aurkitu daiteke osotasuna].

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!