Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainagak esan duenez, talde zornotzarra babesteak "ilusio berezia" sortzen die. "Bigarren mailan debutatzea esfortzu nekaezin baten ondorioz betetako ametsa izan da. Eta, guk, Sidenorren, futbol talde mitiko honen kemena, konpromisoa eta ilusioa partekatzen ditugu". Jon Larrea SD Amorebietako presidenteak ere esker ona agertu du: "Gure herriak iragan industrial markatua eta izpiritu ekintzaile nabarmenak ditu. Ohore bat da orain hasten den ibilbide hau Sidenorrekin egitea, enpresa honek hamarkadak baitaramatza euskal jendarteari lana eta aberastasuna eskaintzen".
Sidenor altzairugintzari lotutako enpresa da. Lantegiak Euskal Herrian izateaz gainera, nazioartean ere baditu. Besteak beste, Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Frantzian, Katalunian eta Kantabrian. Europa mailan, altzairugintzari lotutako ikerketa eta garapen inbertsio handienetariko batzuk egin ohi ditu.