[ARGAZKI GALERIA] Eraso matxisten eta homofoboen aurrean, zornotzarrek kalera irten dute

Anboto 2021ko uzt. 19a, 21:42

Zornotzako Erreferendum plaza jendez bete da arratsalde honetan, azken egunotan herrian izandako eraso matxistak eta homofoboak salatzeko.

Lagun asko batu da Zornotzako mugimendu feministak eta Akelarre aniztasunaren aldeko plataformak egindako deialdian. Argi esan dute: “alarma gorria piztu nahi dugu, Zornotzako jaiak izango ziren data hauetan zaintza eta sare feministak indartzeko, eta mutil gazteen halako jarreren aurrean erantzuteko. Ez dezagun halakoen aurrean ezikusiarena egin”. Gertatutako bi erasoen aurrean “pedagogia feminista” baten lanketa aldarrikatu dute. 
Protestaren antolatzaileek adierazi dutenez, uztailaren 15ean, mutil talde batek, neska eta mutil bana jazarri zituen. Ez da horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. Antolatzaileek esan dute badela denbora bat koadrila horrek neska-mutil horiek jazarri, iraindu eta mehatxatzen dituela.

Mutilari “maritxu zikina” bezalakoak oihukatuta egin zioten irain. Harriak eta bestelako objektuak jaurti zizkioten. Haren lagunak defendatzen hasi ziren, baina jazarpena jasan zuten horiek ere. Neska bati eskua altxatu, jotzeko keinua egin eta mehatxu egin zioten. Zornotzako talde feministak eta Akelarre plataformak adierazi dute bi gazte horiek beldurrez irteten dutela kalera. Hori dela eta, duela aste batzuk esandakoa ekarri dute gogora. Problematika hauek inguru hurbiletik lantzen hastera eta arau zisheteropatriarkala deseraikitzera deitu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!