“Horren harrera ona izateko, oholtzetan ibiltzen ginen garaiak kutsu bat utzi duela iruditzen zaigu"

Jone Guenetxea 2021ko uzt. 6a, 09:00

Amaia Oreja, Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, eta Kristina Solano dira Amak taldeko lau kideak. Trikitilari laukoteak kontzertua eskainiko du uztailaren 24an Zornotzan, kaleratu berri duen diskoa aurkezteko. ANBOTOk Amaia Oreja elkarrizketatu du.

Zelan sortu da Amak proiektua?
Ezustean gertatu da dena. Oñatin trikitilari jaialdi bat egiten da urtero. Behin, Kristinari eta bioi joateko esan ziguten. Baita Maixari eta Alaitzi ere. Hamargarren urteurrena etorri zenean, parte hartzaileon artean taldeak egin zituzten. Gu laurok batzea erabaki zuten. Kanta batzuk prestatu eta animatu egin ginen. Hara ikustera joan zen beste trikitilari batek Errezilen ere laurok abesteko eskatu zigun. Eta emanaldi hartara beste pertsona batzuk joan ziren. Jendea gure saioa eskatzen hasi zen, eta ordubeteko ikuskizun bat prestatzea pentsatu genuen.

Xabi Solanogaz diskoa grabatu duzue. Zelako esperientzia izan da?
Xabi Solano Kristina taldekidearen neba da eta betidanik ezagutzen dugu. Gustu handia dauka moldaketak egiteko. Produkzio lanetan bera edukitzea luxu bat izan da. Artista da. Diskoa grabatzerakoan, zuzenekoa baino jantziagoa izatea gura genuen eta hor Xabik lan handia egin du.

Pandemiak prozesuaren zein momentutan harrapatu zaituzte?
Bete-betean. Aurrera egitea erabaki genuenean egoera berezi hau etorri zen. Denok batzeko, mugikortasun baimenak eskatu behar ziren... Oztopo batzuk topatu ditugu, baina lana kaleratu dugu.

Diskoaren hasieran Maurizia entzuten da. Zer islatzen du horrek?
Lehenengo emakume lez dago gure memorian. Primigaz batera, atzera begira jarriz gero... Garai hartan emakume bat plazara irtetea beste gizon guztien artean...Izan zirelako gara gu. Norbaitek bidea zabaldu du, eta Maurizia horietariko bat da. Emanaldietan Mauriziaren pandero handi bategaz joaten ginen, guretzat garrantzi handia duelako.

Letretan kolaboratzaile mordoa izan duzue. Onintza Enbeita eta Karmele Jaio, esate baterako.
Garbi genuen letrak emakumeei eskatu behar genizkiela, eta bina eskatu genizkien. Atsolorrari buruz eta amorruari buruz idazteko eskatu genion Enbeitari. Jaiori amari buruzko abestia eskatu genion. Ama garen emakume guztiok ukitzen gaitu letra horrek. Jaiori abesti baten doinua eman genion eta Zure izena idatzi zuen, emakume baserritarrari buruzko abestia. Oso gustura geratu gara kolaboratzaile biekin.

Grabazioetan zein kolaboratzaile izan dituzue?
Harkaitz Miner, Txus Aranburu, Zigor DZ eta Arkaitz Bastarrika.

Kontzertuen aldetik, zelan dator uda?
Oso ondo. Eskertzen dugu jendearen harrera. Maitatuak sentitu gara, berriro horren harrera ona izateko oholtzetan ibiltzen ginen garai horrek halako kutsu bat utzi duela iruditzen zaigu.

Laukote legez zelan ikusi duzue zeuen burua oholtza gainean?
Asko gozatzen dugu. Adin honetan berriro bueltatzea ez gozatzeko, ez du zentzurik. Laurok egiten duguna gustatzen zaigu eta guretzat plazer bat da. Ordubeteko saioa da. Gustura egiten da eta ez da sasoi bateko ordu eta erdiko erromerien modukoa. Garai hartan gazteak ginen, eta desorduetan jotzen genuen arren gustura egiten genuen. Baina orain ez ginateke horretara bueltatuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!