32.000 Amorebono astelehenetik aurrera eskuragarri, Zornotzako komertzioak bultzatzeko

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 25a, 12:31

Bonuak astelehenetik aurrera ipiniko dituzte eskuragarri, Zelaieta zentroko eta udaletxeko kutxazain automatikoetan.

Zornotzako Udalak Amorebonoen kanpaina berria aurkeztu du goiz honetan. Astelehenetik aurrera 32.000 bonu ipiniko ditu herritarren eskura. Bi motatako txartelak eskuratu ahalko dira. Lehenengo sektoreari lotutako 2.000, eta gainerako komertzioei begirako beste 30.000. Bonuen funtzionamendua erraza da: herritarrek 15 euroren truke eskuratuko dute txartela, eta horrekin 20 eurora arteko erosketa egin ahalko dute herriko komertzioetan. Kopuru-tarte horretako gainerako 5 euroak Zornotzako Udalak berak finantzatuko ditu. Hain zuzen ere, 160.000 euro bideratuko ditu egitasmo horretara. 

Esti Martiartu Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak adierazi du kanpainagaz "1.000.000 euroko inpaktu ekonomikoa" eragin gura dutela herrian. Iazko kanpaina da horren erakusgarri. Martiartuk iazkoaren balantze positiboa egin du, eta adierazi du komertzioak eta herritarrak "pozik" daudela, "gogoz" hartzen dituzte-eta horrelako kanpainak. Ainhoa Salterainek ere gonbitea egin die zornotzarrei, eta zornotzarrak ez direnei. Erosketak herriko komertzioetan egitera deitu dituzte herritarrak. Amorebonoen kanpaina abenduaren 15era arte egongo da indarrean. Eskatzaile bakoitzak lehen sektoreari lotutako bost bonu, eta beste komertzioetarako hamar bonu eskuratu ahalko ditu gehienez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!