“Ez da estilo aldaketa bat, baina igartzen da beste ideia batzuekin eginiko diskoa dela”

Aritz Maldonado 2021ko eka. 20a, 10:20

Blanco y en Botella talde zornotzarrak 'La arena cayó' diskoa kaleratu zuen martxoan. Bestelako doinuak probatu dituzte iazko itxialdian konposaturiko lanean, eta disko ilunagoa geratu zaielakoan daude taldekideak. Zuzenean defendatzeko gogoz daude orain, sasoirik onena ez dela onartu arren. Unai Sulibarriak (gitarra), Haritz Mirandonak (gitarra eta ahotsa), OIer Sacristanek (bateria) eta Julen Alberdik (baxua) osatzen dute taldea, eta azken honegaz berba egin du ANBOTOk.

Zelako harrera izan du disko berriak?
Nahiko pozik gaude, zer gertatuko zen galdezka geunden eta. Nahikoa duda genituen, diskoa kontzerturik ez zegoen garai batean aterako genuelako, eta justu doinu aldaketa ere egin dugunez... Ez da estilo aldaketa bat, baina ikusten da aldaketa bat, bestelako ideia batzuekin eginiko disko bat dela. Batzuek esan digute gurago dutela lehengo Blanco y en Botella, baina gu pozik gaude.

Berriro grabatu duzue 'Por la carretera', Dientes de Lunako Aimar Cidegaz batera. Zergaitik?
Esperimentu bat egin gura genuen, orokorrean. Horretarako, abesti zahar bat hartu, eta eraldatu egin gura genuen, letrari eutsita. Dientes de Lunakoak lagunak ditugu, eta Aimarri proposatu genion. Uste genuen bere ahotsagaz ondo geratuko zela abestia. Zirriborroa bidali eta baiezkoa eman zuen segituan. Hiru bider jo dugu Dientes de Lunagaz, azkena euren bigarren diskoaren aurkezpen kontzertuan.

Diskoan Leire Jauregibeitiak ere abestu du, Sin mirar atrás abestian. Kuadrillakoa da, eta aurretik ere egin izan ditu koroak gugaz. Baina oraingoan berak bakarrik abestea gura genuen.

Haritz taldekidea arduratu da diskoaren diseinuaz eta irudiak marrazteaz.
Diskoak dakarren liburutxoan ilustrazio bana dago, abesti bakoitzeko esaldi bategaz. Diskorik saltzen ez den sasoi honetan, eduki estra bat eman behar diozu entzuleari. Gainera, hauek eskuz eginda daude, eta horrek borobildu egiten du produktua.

'Tres paredes' EPa kaleratu duzue bigarren eta hirugarren diskoen artean. Estilo aldaketa bat igarri zitekeen bertan.
Bai, esan daiteke hor hasi zela aldaketa. Irteerarik eduki ez zuten abesti batzuk genituen grabatuta, desberdinagoak zirenak. Trantsizio moduko bat direla esan daiteke. Euskarazko ipuin baten moldaketa rockeroa zen abestietariko bat, bestea Raperu rapeatzaileagaz kolaborazio bat, eta hirugarrenak doinu stonerragoak zituen; hau ez da ohikoa gure musikan. Itxialdian publikatu genituen, formatu digitalean baino ez. Ni ordurako material berria prestatzen nenbilen, eta ateratzeko momentu ona zela erabaki genuen. Lyric bideo batzuekin kaleratu genituen, eta aldaketa bat igartzen zen sonoritate aldetik. Esperimentu bat izan zen, eta gustura gaude emaitzagaz.

Apirilean Herriaren doinuak emanaldia eskaini zenuten Zornotzako bandagaz batera. Zelako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita izan zen. Gogorra, baina polita. Aritz Labrador Zornotzako Bandako zuzendariak proposatu zigun, 2019an. Birritan pentsatu barik baietz esan genuen, baina gero konturatu ginen zelako lana zuen atzetik. Gu ez gara "benetako" musikariak, eta bat-batean zuzendaria genuen, partiturak irakurtzen eta benetako musikariekin. Urte bi hauetan hainbat bider atzeratu da ikuskizuna, tartean pandemia egon delako. Apirileko kontzertuetara elkarregaz entseatu barik joan behar izan genuen, egoeragaitik, eta egunean bertan, kontzertuetan, jotzean, zerbait desberdina egiten genbiltzala igartzen zen. Oso esperimentu polita izan zen.

Hurbileko etorkizunera begira, zer asmo dituzue?
Datorren guztiari baietz esango diogu, baina gure aldetik gehiago ari gara itxaroten. Kanta batzuk grabatuta ditugu, eta uda ostean singlea kaleratzeko asmoa dugu. Uda osterako, diskoa zaharkituta geratuko da eta abestiak horrela kaleratuta, gaurkotuta egoten jarraitzeko modu bat da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!