Andoni Agirrebeitia alkateak eta Ainhoa Salterain gizarte ekintzako zinegotziak agerraldia egin dute Nafarroa zentroan. Jakinarazi dute Jubilatuen Etxeak ateak zabalduko dituela berriro, astelehenean, 15 hilabetean zarratuta egon eta gero. Espazioa, gainera, itxuraberrituta dator. Izan ere, "aldaketa handiak" egin dituzte zerbitzuan. Taberna berritu dute, eta goitik beherako aldaketak egin dituzte jangelan. "Sukaldeko eskaintza berritu dugu kalitatezko eta gertuko produktuekin", esan du Salterainek. "Jangela eroso eta atsegin bat sortzea izan da asmoa", gaineratu du.
Andoni Agirrebeitia alkateak gogora ekarri du azken 15 hilabeteak "oso zailak izan direla beharginentzat eta zerbitzua jasotzen duten herritarrentzat", eta orain Jubilatuen Etxeari bere "esentzia" bueltatzeko garaia dela adierazi du. Hori dela eta, gainerako zerbitzuak eta espazioak berreskuratuko dituzte. Podologia zerbitzua, adibidez. Momentuz, billar gelak eta irakurketa gelak zarratuta jarraituko dute.
Ordutegiak
Jubilatuen Etxea 10:30etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik. Asteko egun guztietan zabalduko ditu ateak, salbu eta asteburuetan. Tabernaren ordutegia apur bat murritzagoa izango da, zarratuta egongo delako 13:30etatik 16:00etara. Espazioko aforoa erdira murriztuta egongo da momentuz.