Sinadura bilketa eta horma irudi bat Saioa Agirreri babesa adierazteko

Anboto 2021ko eka. 10a, 19:23
Iurretako argazkia.

Zornotzako mugimendu feministak kanpaina bat hasi du 13/13 sumarioan auzipetuta dagoen herritarrari elkartasuna adierazteko. Zapatuan hainbat ekintza egingo dute.

Saioa Agirre zornotzarra 13/13 makrosumarioan auzipetuta dagoela-eta, mugimendu feministak kanpaina bat hasi du hari elkartasuna adierazteko. Alde batetik, herritarrei eskatu diete orri zuri bat hartu, bertan elkartasun mezutxo bat idatzi eta talde argazki bat ateratzea. Argazkiak zornotzakotaldefeminista@gmail.com helbidera edo sare sozialetara (@zornotzakotaldefeminista, @suhaziak) bidali beharko dira. Honezkero, 80 bat elkartasun mezu batu dituzte. Gaur, Agirreren lankide talde batek deituta argazkia egin dute  Iurretan 'GuEreSaioarekin' lelopean. Hainbat herritar ere batu dira.

Zapatuari begira, bestalde, ekintza gehiago antolatu dute. 11:30etik aurrera, sinadurak batzen hasiko dira. Erreferendum plazan eta Lopena tabernaren ondoan leku bana atonduko dute horretarako. Horma irudi bat ere margotuko dute. Mugimendu feministak salatu duenez, Agirreren auzipetzea "tortura eta mehatxupean" eginiko deklarazioetan oinarrituta dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!