Julen Baz sukaldari zornotzarra hirugarren geratu da Sukaldari Berrien sariketan

Anboto 2021ko eka. 3a, 13:00

Argazkia: @julen.baz (Instagram)

"Honelako errekonozimenduak txute bat dira animoa igotzeko. Dena dela, nire helburua eguneroko lanagaz jarraitzea da, bezeroentzat lan egin eta hobetzen jarraitzea", esan du Bazek.

Julen Baz sukaldari zornotzarrak hirugarren postua eskuratu du Nazioarteko Madrid Fusion gastronomia kongresuak antolatzen duen Sukaldari Berrien sariketan. Lehiaketa "Nazioarteko egitasmo gastronomikorik potenteenetako bat" da, bere esanetan. Honela funtzionatzen du: Madrid Fusioneko presidentea den eta kritikari gastronomikoa ere baden Jose Carlos Capelek askotariko jatetxeak bisitatzen ditu han-hemenka. "Aurresailkapen bat egiten du bisitatutako jatetxeen artean, berak aukeratzen ditu sariketan parte hartuko duten jatetxeak", dio Bazek. Hortik aurrera, kritikari gastronomikoz eta kazetari gastronomikoz osatutako talde batek (80 kide daude talde horretan), bozkatu egiten ditu jatetxeak.

Eguneroko lana

Julen Baz zortzi sukaldaririk bozkatuenen artean kokatu zen, eta, atzo, Madrilen egindako azken bozketan, hirugarren postua eskuratu zuen. "Atzo Madrilen izan nintzen. Zortzi finalisten aurkezpen bat egon zen eta bozketa horren emaitzan hirugarren gelditu nintzen", azaldu du. "Honelako errekonozimenduak txute bat dira animoa igotzeko. Pozteko zerbait da. Dena dela, nire helburua eguneroko lanagaz jarraitzea da, bezeroentzat lan egin eta hobetzen jarraitzea", esan du sukaldari zornotzarrak. Dimako Garena jatetxean buru belarri dabil lanean, "topera", eta "jo ta ke".   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!