Zornotzako Pump Track pista 6 kurba, 17 oztopo eta 2 saltorekin dator

Anboto 2021ko eka. 3a, 11:29

Zirkuituak 110 metroko ibilbidea izango du guztira. Maila ertaineko ibilbide nagusi bat eta maila aurreratuagoko beste gune bat izango ditu.

Zornotzako Udalak Pump Track pista bat eraikitzeari ekin dio. Nafarroa eta Jauregizahar kaleen artean atonduko du kirol instalazio berria, Gure Kirolak frontoiaren ondoan dagoen 1.900 metro karratuko orube batean. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, zirkuituak 110 metroko ibilbidea izango du guztira, eta maila ertaineko ibilbide nagusi bat eta maila aurreratuko beste aldaera bat izango ditu. "Maila ertaineko ibilbide nagusiak 90 metroko ibilbide lineala eta 1,80 metroko zabalera izango ditu", udalaren esanetan. 6 kurbarekin eta 17 oztoporekin egongo da hornituta. Maila aurreratuko eremuak, bestalde, 20 metro linealeko ibilbidea izango du eta maila handiagoko erabiltzaileentzat diseinatutako 2 saltorekin egongo da osatuta.

Zornotzako Udalak 48.351 euro inbertituko ditu pista atontzeko. Instalazioa atontzeko proposamenak 2021eko aurrekontu parte hartzaileetan ikusi du argia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!