Zornotzako Udalak harrera egin die Zornotza Saskibaloi Taldeko arduradunei

Anboto 2021ko eka. 2a, 14:28
Gaurko harrerako une bat.

Aurten egindako lana aintzatetsi diete.

Zornotza Saskibaloi Taldea Zilarrezko Ligatik Urrezko Ligara igotzeko atarian geratu da aurten. Azken urrats hori ematerik ez dute lortu, baina horrek ez dio egindako denboraldi bikainari meriturik kentzen. Horregatik, Zornotzako Udaleko udalbatzarra osatzen duten alderdi denek harrera egin diete Zornotza klubeko arduradunei eta jokalariei. Andoni Agirrebeitia alkateak zoriondu egin ditu egindako lanagatik eta aurrera begirako animoak eman dizkie: "Lortuko duzue ametsa".

Joxe Etxebarria saskibaloi klubeko presidenteak denboraldian zehar egindako "lan gogorra" balorean jarri du eta zaleei eskerrak eman dizkie. "Herria gure atzean sentitu dugu". Horrekin batera, kiroldegi berriko proiektuari buruzko eskaera bat zuzendu die politikariei. "Badakit aurtengoa urte gogorra izan dela, baina proiektua ez dadila albo batera geratu. Denok ados jarri eta proiektuarekin aurrera egiteko eskatu nahi dizuet". Azkenik, Mikel Garitaonandia entrenatzaileak "eskerrak" eman dizkio udalari emandako "laguntzagatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!