Amorebietaren igoera

Ospakizunen ondoren, Amorebietako zuzendaritza erronka berriei heltzeko prestatzen dabil

Joseba Derteano 2021ko mai. 28a, 09:30

Argazkia: Foto Badajoz

Amorebietak handia egin du Bigarren Mailara igota, eta merezi duen moduan ospatzen dabiltza, baina aurretik datozen erronkak lorturiko balentriaren mailakoak dira eta zuzendaritza hasi da dagoeneko hurrengo denboraldia prestatzen. Batzar askoko, burokrazioa gehiagoko eta erabaki garrantzitsuak hartzeko sasoia dator.

Egitura aldetik, Amorebietak kirol klub bat izateari utziko dio eta  sozietate anonimo izaera hartuko du. Aldaketa horri begirako pausoak ematen hasiko dira datozeen asteetan, Jon Larrea klubeko presidenteak azaldu duenez.

Ekonomikoki, Amorebietak aurten izan duen aurrekontuak —650.000 euro guztira, euretariko 225.000 lehenengo taldean— ez du zerikusirik izango hurrengo urtekoagaz. Kopurua estimatzea ez da erraza oraingoz. "Batzuek diote hiru milioi izan daitezkeela, lau edo bost milioi aipatu dituztenak ere badira... Ikusi egin beharko dugu. Dirurik gehien La Ligatik eta telebistako emankizunen eskubideetatik etorriko direla uste dut", estimatu du Larreak.

Batera zein bestera, aldaketa horri aurre egiteko prest daudela dio, Amorebietaren egoera "egonkorra" delako. Eta ez da gutxi nondik datorren ikusita. 2018an zuzendaritza berria sartu zenean, auditoria bat egin zuten eta 361.000 euroko zorrak azaleratu zituen, euretariko 206.000 Gizarte Segurantzagaz. "Ordainketa-egutegi bat adostu genuen eta hilero betetzen gabiltza. Alde horretatik, nahiko lasai gaude, ipini dizkiguten baldintza horietan eroso gaudelako", baloratu du.

Partiduak Urritxen?
Azken egunetan bolo-bolo dabilen gaia da. Non jokatuko ditu Amorebietak Bigarren Mailako partiduak? Zelaiek hainbat baldintza bete behar dituzte eta baliteke partiduak Zornotzatik kanpora jokatu behar izatea. Baina zuzendaritzaren asmoa, abiapuntua behintzat, partiduak Zornotzan jokatu daitezen borrokatzea da. "Gure nahia Urritxen jokatzea da. Herria lorpen honen parte izan behar dela uste dugu. Zaleen ikuspuntutik ez ezik, ostalaritzarentzat, dendentzat… garrantzitsua litzakete. Hamabost egunerik behin horrelako hitzordu bat herrian izatea pozgarria litzateke". Baina badakite ez dagoena euren esku bakarrik. "Mahai gainean ipintzen dizkiguten baldintzak aztertu eta horregaz erabaki beharko dugu zer egin. Baina, oraingoz, baikor gaude", adierazi du presidenteak. Gai horiek guztiak hurrengo egunetan Espainiako federazioagaz izango dituzten batzarretan eztabaidatuko dituzte.

Jokalariak
Hurrengo denboraldira begirako taldea egituratzea izango da beste zeregin bat. Aurtengo blokeari eustea da Larrearen desioa. "Horrela izatea gura nuke. Guk zuzendaritzan daramatzagun hiru urteetan aldetak egon dira, baina bloke bati eustea lortu dugu. Bigarren Mailan aritzea jokalarientzat sari bat izatea gura nuke", esan du Larreak. Entrenatzailearen kasuan, Iñigo Velez de Mendizabal da euren lehentasuna. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu Iñigok jarraitu dezan", gaineratu du. Entrenatzaile gasteiztarrak ere taldean jarraitu gura izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du.

Dendako produktuak agortuta
Gaur egun, klubak 900 bazkide ditu eta kopuru hori handituko den itxaropena dute. "Nik uste dut horrelako lorpen batek jendea animatu egin dezakeela bazkide egitera", esan du Larreak. Dendako produktuen salmentak erakusten du inoizko ikusminik handiena sortu duela taldeak. Kamisetak, banderak eta bestelako hainbat produktu agortuta daude eta berriak eskatu behar izan
dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!