13/13 sumarioan auzipetuta dagoen Saioa Agirre zornotzarrari babesa emateko plataforma sortu dute

Anboto 2021ko mai. 22a, 16:15
Gaur Zornotzan, udaletxe pareko plazan, eskainitako prentsaurrekoko irudia. Testua euskaraz Saioaren bikotekide den Mikeldi Zenigaonaindiak irakurri du. Gaztelerazko adierazpena, berriz, Marta Macho ESK sindikatuko ordezkariak.

Sarekada poliziala egin zenetik 11 urte beteko diren honetan, datorren uztailaren 12an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa 13/13 auziaren harira. Fiskaltzak 77 urteko espetxe zigorra eskatu du denentzat. Tartean Saioa Agirre Arauko zornotzarra epaituko dute.

Fiskaltzak 7 urteko espetxe-zigorra eskatzen du harentzat. Agirre 2010eko apirilaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak Sopelako eskolan, hiru urteko haurrekin lanean ari zela. "Bost eguneko inkomunikazio aldian torturatua izan zen eta emakume izateagatik sexu-erasoak eta umiliazioak pairatu zituen", azaldu dute gaur Zornotzan, sortu berri den plataformako kideek udaletxe pareko plazan eskainitako prentsaurrekoan.

Operazio poliziala testuinguru politiko oso zehatzean gertatu zela azaldu dute eta testuinguru horretan, epaituak izango direnak "modu aktiboan zenbiltzan Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzen laguntzen eta eragile aktiboa izan zedin".

"Hamaika urte geroago esan dezakegu Kolektiboaren ekarpena erabakigarria izan dela egungo agertokira iristeko". Baina, aldi berean, hamaika urte geroago, "gatazkaren ondorio ugarik konponbiderik gabe jarraitzen dute, denboran luzatzen eta lokazten, sufrimendua eta samina eragiten", salatu dute.

Horrela, gaur iragarri nahi dute '13/13 EPAIKETARI EZ!' plataforma eratu dutela Zornotzan, Agirreri "babesa emateko" eta epaiketa hori "denboraz eta lekuz kanpo" dagoela salatzeko. Plataforma sortuta, aurreratu dutenez, datozen asteetan elkarrizketak abiatuko dituzte Zornotzako alderdi politikoekin, sindikatuekin eta eragile sozial ezberdinekin, "epaiketa bidegabe honen aurrean erantzun zabala, anitza eta bateratua lortze aldera".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!