“Marcelinok ni neu izateko eskatzen dit, ausarta izateko eta aukera dudanean aurkariaren bila joateko”

Joseba Derteano 2021ko mai. 14a, 12:00

Jon Morcillo (1998) jokalari zornotzarrak golak sartuta erantzun dio berarengan ipiniriko konfiantzari. Talde nagusiagaz Valladoliden aurka estreinatu zen area kanpotik eginiko jaurtiketa bati eskerrak. Joan zen asteburuan berriro zulatu zuen aurkariaren atea, Osasunaren kontra.

Athleticen lehenengo taldean zaudenetik unerik gozoenean zaude?
Bai… eta ez. Liga hasi zenean, lehenengo bost partiduak titular jokatu nituen. Abentura honen hasiera-hasieran, bigarren taldetik igotzea eta nire burua titular ikustea itzela izan zen. Granadan debuta egiteaz gainera, hasierako hamaikakoan hainbat partidu kateatzea lortu nuen. Orain ere banabil minutu batzuk jokatzen, eta badaukat jarraikortasun bat taldean. Momentu biak izan dira gozoak.

Marcelino Garcia Toral heldu denetik zugan konfiantza duela sentitzen duzu?
Heldu zen unetik bertatik jokalari guztiekin izan du hartu-emana. Niri lehenengo unetik helarazi dit bere konfiantza, eta aintzat hartzen nauela esan dit.

Zelakoa da Marcelino eguneroko tratuan?
Langilea da eta ideiak oso argi ditu. Eman dezakegun dena eskatzen digu eta muga-mugaraino eramaten gaitu. Gainera, esan behar dut badakiela noiz jokatu serio eta noiz lasaiago edo umoretsuago. Nik alderdi biak ikusi dizkiot, eta izan behar duenean gertuko pertsona da.

Joan zen astean, entrenamenduko bideo batean zugaz luze eta zabal berba egiten ikusi genuen. Zer esan zizun? Zer gura du zugandik?
Jarraikortasuna dudan une honetan, jokalari hobea izateko zertan hobetu behar dudan azaltzen ahalegintzen da. Marcelinok ni neu izateko eskatzen dit; ausarta izateko, baloia oinetan dudanean aurkarien bila joateko eta aukera dudanean atera jaurtitzeko. Eta, jakina, intentsitatea eta lana eskatu dizkit. Askotan errepikatzen duen gauza  bat badago, hauxe da: lehen mailako jokalari batek erasoan ondo ibili behar duela eta ondo defendatu behar duela.

Konfiantza hartzeko ez dago gola baino errezeta hoberik. Garrantzi handia izan zuen zuretzat Valladoliden kontrako estreinako golak?
Denbora luzea neraman itxaroten. 30 partidu baino gehiagotan hainbat aukera izan nuen gola sartzeko, batzuk garbi-garbiak. Azkenean, gola sartu nuenean, adrenalina guztia askatu nuen eta emozio handiko unea izan zen. Aldi berean, barruan nuen arantza bat kentzearen parekoa izan zen.

Gola sartu eta zerura begiratu zenuen. Nori eskaini zenion?
Aititari, amaren aitari. Ez ninduen ezagutu. Ama nigaz haurdun zegoela hil zen. Oso futbolzalea zen eta txiki-txikitatik mundu guztiak esaten dit aitita oso harro egongo zela nitaz. Debutatu nuen egunetik argi nuen nire lehenengo gola berari eskainiko niola.

Bigarrena norentzat izan da?
Ilara luzea dut zain! Finago ibili beharko dut golak sartzen.

Bilbao Athleticegaz Tudelanori sartu zenion gol bat sekulakoa izan zen: zelai erditik jaurti eta atezainaren gainetik sartu zenuen. Bietako zein aukeratuko zenuke, gol hura ala Valladoliden kontrakoa?
Tudelanoren kontrako gol hark hedabideen arreta erakarri zuen eta jendearen ahotan egon zen. Horrelako golak ez dira egunero sartzen. Baina ez dago debuteko golaren modukorik. Zoriontsuen egin nauen gola izan da.

Bilbao Athleticegaz jokaturiko azken denboraldian 10 gol sartu zenituen 29 partidutan. Betidanik izan duzu golerako usaimen hori ala denboragaz lortu duzu?
Txikitan gol asko sartzen nituen. Oso neurekoia ere banintzen. Neure jokaldia egiten ahalegintzen nintzen askotan. Hazten eta heltzen joan ahala, taldeko jokoaren kontzeptuak barneratzen joan naiz, taldea norbere buruaren gainetik dagoela ikasten. Hala ere, beti izan naiz anbiziotsua alderdi horretatik eta urtero sartu izan ditut golak.

Zelai barruan, izaera berekoia alde batera uztea kosta egiten den zerbait da?
Umetan nigaz jokatu duen edo jokatzen ikusi nauen edonork esango dizu oso neurekoia nintzela. Baina lortu dut hori aldatzea. Gaztea naiz, esperientzia falta zait eta badakit oraindino zelai barruan hartzen ditudan erabaki denak ez direna egokienak, baina akatsetatik ikasten ahalegintzen naiz, egunetik egunera jokalari konpletoagoa izateko.

Ezker hanka hori: potentzia eta zehaztasuna berezkoak dira ala landu egiten den zerbait da?
Nire kasuan, berezkoak dira. Baloia ia ni baino handiagoa zen umetako bideoak erakutsi izan dizkit aitak eta orduan ere gogor jotzen nuen baloia. Hankako potentzia ez da beren beregi entrenatu dudan zerbait. Ezta zehaztasuna ere.

Etorkizunean taldeko penalti jaurtitzaile ikusten zaitut.
Egon naizen taldeetan neuk bota izan ditut penaltiak. Esaterako, Bilbao Athleticen iaz. Lehenengo taldean hainbat jokalari dago nire aurretik, eta etorkizunean batek daki nork jaurtiko dituen. Oraingoz, penaltien txandekin konformatu beharko dut, Betisen kontra gertatu zen moduan [Errege Kopako finalerdietan].

Athleticen sartzea ez zen bide erraza izan zuretzat. Behin baino gehiagotan entzun behar izan zenuen 'ez' berba. Lehenengoz, hamaika bat urte zenituela.
Horrela da, bai. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan nenbilen orduan. Gogoan dut Xabi Etxeita zela nire entrenatzailea. Urte ona neraman eta Athleticegaz proba batzuk egitera deitu zidaten. Imajinatu nire ilusioa! Athleticera heltzea da ume guztien ametsa. Baina oso txarto pasatu nuen. Nire adineko ume pila bat ikusten nuen, eta denak helburu beragaz. Oso urduri ipini nintzen eta probak txarto egin nituen. Ezin izan nuen neurerik erakutsi. Ez ninduten hartu.

Hurrengo urteetan ere ez zen zabaldu ate hori.
Kimu mailako azken urtean eta kadete mailako lehenengoan Athleticegaz entrenatzen nintzen, astean egun bitan. Baina orduan ere ez nuen klubean sartzerik lortu. Esaten zidaten banituela dohainak, baina jauzi bat ematea falta zitzaidala.

Orduan, beste erabaki bat hartu zenuen.
Bai, Durangoko Kulturalera batu nintzen. Kulturaleko kadeteen taldea Amorebietakoa baino goragoko kategoria batean zegoen orduan. Hiru urte eman nituen han. Jubeniletako bigarren urtean oso ondo ibili nintzen eta orduan sartu nintzen Athleticen.

Behin Athleticera batuta, bere filiala den Baskonian eman zenuen lehenengo denboraldia. Eta denboraldi hura ere zen erraza izan.
Hasieran, jubenilen taldean jokatu behar nuen, jubenil adina nuelako, baina denboraldi-aurrea baino lehenago iritzia aldatu zuten; zuzenean Baskonian sartu ninduten. Nire adineko jokalariak ere bazeuden, gazteagoak ere bai, baina saltoa handia zen. Hirugarren Mailan jokalariak zailduta daude. Zenbait minutu jokatu nuen, baina beti eskatu izan didaten erregulartasuna falta nuen. Hala ere, asko ikasi nuen. Orduan jabetu nintzen, esaterako, gorputza zer punturaino zaindu behar den. Futbola nire ogibide bihurtu zen.

Erregulartasuna aipatu duzu. Ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait.
Denboragaz hobetu dudan alderdi bat izan da erregulartasuna. Baskonian egon nintzenean ez nuen lortu partidu asko kateatzerik hasierako hamaikakoan. Elitean partidu asko jarraian jokatzea lortu nuen lehenengo aldia iazkoa izan zen, Bilbao Athleticegaz. Partidu bi kenduta, gainerako denak titular jokatu nituen. Orduan lortu nuen sarritan eskatu didaten erregulartasun hori.

Xabi Etxeita zure entrenatzailea izan dela aipatu duzu. Baduzu hartu-emanik beragaz?
Getafe taldean dabil eta bere kontra jokatu dut. Kamisetak trukatu genituen eta nitaz harro zegoela esan zidan. Asko eskertzen diot.

Denboraldia amaitu bitartean, Athleticek ez du askorik jokoan, baina  aurkariek bai. Besteen etorkizunaren epaile izan zaitezkete.
Bai, Atletico Madrilen eta Sevillaren kontra sustoa emateko gai garela erakutsi dugu, eta maila handiko taldeen aurka irabazteko ahalmena dugula. Guk liga amaitu arteko partidu guztiak lehiatu behar ditugu. Azkenean, dinamika on bat hartzea garrantzitsua da taldearen animoari eta hurrengo denboraldiari begira.

Errege Kopako final bietan ez zenuen jokatu, baina barrutik bizi izan zenituen. Zelan asimilatzen dira hain kolpe latzak?
Denboraldi berean hiru final jokatu ditugu eta historia egin dugu, Athleticen ez delako horrelakorik egin aurretik. Bat irabazi genuen eta bi galdu. Superkopa irabazita taldea ondo zegoen.  Realaren kontrako finalaren atarian, bagenekien zaleek zelako ilusioa zeukaten eta presio hori sentitzen genuen. Egia esanda, final hura eta Bartzelonaren kontrakoa galtzea gogorra izan zen, eta barneratzeko gatxa. Baina porrot bien ostean, burua altxatzen jakin dugula uste dut, emaitza onak lortu ditugu eta. 

Amorebietan eta Durangoko Kulturalean, bietan jokatu duzu. Jarraitzen diezu euren gaurkotasunari?
Bai, adi egoten ahalegintzen naiz. Talde bietan ditut ezagunak. Gustatzen zait zer egiten dabiltzan jakitea. Estimu handia diet talde biei. Benetan desio dut Amorebieta Bigarren Mailara igotzea eta Durangoko Kulturala dagoen mailan mantentzea.

Zelan aldatu da zure bizitza pertsonala lehenengo taldean zaudenetik?
Asko aldatu da. Inork ez ezagutzetik pertsona ezagun bat izatera pasatzen zara, edo behintzat badakizu ezagutu zaitzaketela. Ikasi behar duzu noiz ibili jendearen bistan eta noiz ez.

Zelan daramazu besteen eredu izan behar hori?
Alderdi hori ere hor dago, bai. Lagunekin afaltzen zaudenean, lasai eta dibertitzeko gogoz egoten zara, baina kontziente izan behar duzu non zauden. Egoki jokatzen jakin behar duzu. Umeen ametsa Athleticen jokatzea da eta talde horretako jokalari bat desegoki jokatzen ikusiz gero, hori imitatuko dute eta ez dago ondo. Umeen eredu gara eta horren arabera jokatu behar dugu. Baina, tira, nik ondo daramat hau guzti hau. Nire herrian, Zornotzan, lasai ibiltzen naiz. Argazkiak ateratzeko eskatzen didatenean ez dut arazorik, eta adeitsu erantzuten dut beti.

Umeek ala nagusiek, nork eskatzen dizu argazki gehiago?
Umeek, gurasoek eta adin guztietakoek, aitita-amamek ere bai. Zornotzan ohituago daude ni kalean ikustera, betidanik ikusi izan nautelako, eta lasai ibili naiteke. Bilbon, esaterako, gehiago geratzen naute, agurtzeko edo argazki bat ateratzeko. Baina ogibideagaz batera datorren zerbait da eta oraingoz ondo daramadat.

Zein jokalari zenuen gogoko umetan?
Ronaldo Nazario de Lima gustatzen zaitzaidan, bere indarragaitik eta golak sartzeko zuen ahalmenagaitik. Ez zuen nire postuan jokatzen, baina asko gustatzen zitzaidan.

Futbola ez denean, zer kirol egitea gustatzen zaizu?
Denboraldian zehar geure burua ondo zaindu behar dugu eta ezin gara beste kiroletan ibili. Uda dago horretarako. Baina, umetan, edozein kiroletan jolasten nintzen. Beti gustatu izan zait kirola egitea, eta edozertan moldatu naiz ondo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!