Omenaldi hunkigarria egin diote Aniceto Agirrebeitia gudariari

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 9a, 21:10

Zornotzarrek eta Bizkargi mendiaren bueltako beste herrietako biztanleek Bizkargi Eguna ospatu dute gaur. Aurtengo ekitaldian Aniceto Agirrebeitia omendu dute haren familiako kideekin batera.

"Anitza" eta "oso ederra" izan da aurtengo Bizkargi Eguneko omenaldia. Halaxe adierazi du Juanlu Artabek, Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideak. "Ekitaldia bikaina izan da. Oso ondo egon da. Aniceto Agirrebeitia gudariaren familiako kideak egon dira eta baita Aranzadiren prospekzio taldeko bi kide ere. Alberto J. Sampedro eta Kepa Ganuza historialariak ere bertan izan dira", azaldu du Artabek. Eguerdiko 12:30ak aldera omendu dute Agirrebeitia gudaria, bere familiako kideak eszenatoki gainera igota. Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeko kideek aurreskua eskaini diete. Omenaldia eta gero, Agirrebeitia topatu zuten lekura joan da"ohorezko komitiba" bat. Artabek gaineratu duenez, aurreikusitako beste ekitaldiak bertan behera geratu dira eguraldi txarragatik. Ez da bertsolaririk egon. Ezta musika ekitaldirik ere. Etxanoko herritarrak bertan egon dira urtero legez. Historikoki izandako agintea irudikatu dute, ohi bezala txuzoa bertara igota.

Aranzadi elkarteko prospekzio taldeak joan den urte bukaeran topatu zituzten Aniceto Agirrebeitia Lazpita gudariaren gorpuzkiak, Bizkargi mendiaren bueltan. Herritar batek han inguruan topatutako plaka bati esker lokalizatu zituzten gorpuzkiak. Agirrebeitia berriztarra zen, Esteban Salsamendi batailoi komunistako kidea. 1936ko maiatzaren 27an hil zen Bizkargin gudukatzen ari zela. 26 urte zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!