“Ingelesa ikasteko ezinbestekoa da motibazio zehatz bat izatea”

Aitziber Basauri 2021ko mai. 9a, 10:20

Zornotzako Gudari kalean duten lokala atontzen dabiltza Jeffrey Nku (Ghana, 1997) eta Kevin Martin (Zaldibar, 1997), bertan ingeles akademia bat ipintzeko. Maiatzaren erdialdean zabalduko dute izena emateko aukera, irailaren erdialdean ikasturteagaz hasteko. Kevinek arlo administratiboa eroango du eta Jeffreyk eskolen ardura hartuko du.

Zelan animatu zarete ingeles akademia bat zabaltzera?
Jeffrey: Lau urtean Oxford Language Schoolen lan egin dut, eta nik neuk akademia bat sortzeko gogoa sortu zitzaidan. Umezarotik laguna dut Kevin eta beragaz hartu emanetan ipini nintzen. Bera ere animatu zen eta proiektuari ekin genion. Gazteak gara eta ez geneukan buruan honako abentura batean sartzeko asmorik, baina ingelesarekiko dudan pasioa horren gainetik dago. Asko gustatzen zait irakastea.

COVID-19aren ondorioz sortutako egoerak ez zaituzte atzera eragin?
Kevin:
Inondik inora ere ez. Gehiago esango nuke, hasteko gogo handiagoa sortu digu. Ez dugu beldurrik, arriskuak hartzea gustatzen zaigu eta konfiantza osoa dugu gure proiektuan eta gure trebetasunean. Proiektu hau aurrera aterako dugula uste dugu.
Jeffrey: Oxford Language Schoolen parte izateak ematen duen babesak asko lagundu digu. Frankizia lez jardungo dugu, gu geu izanda.

Norengana heldu gura duzue?
Kevin:
Txikienetatik hasi eta ikasteko prest dagoen edonori zuzenduriko eskolak emango ditugu, adina dena delakoa izanda. Ingelesa hizkuntza garrantzitsua da nazioarte an, inoiz ez zaio ikasteari uzten, eta denok eduki beharko genuke aukera. Onena umetatik ikasten hastea da, aurrera begira ateak zabaltzeko.

Askorentzat gainditu bako irakasgaia da ingelesa.
Jeffrey:
Bai, baina horretan laguntzeko gaude gu, bertako irakasleekin batera, hizkuntza ezagutzen dutelako eta haiek direlako hizkuntza egoki erakutsi dezaketenak.
Kevin: Sarritan zama bat lez ikusten dugu ingelesa. Ostera, erabiltzen dugun metodoak ingelesa ikastea zerbait dibertagarri bihurtu gura du, jarduera ludikoekin. Hizkuntza ikasteko era dinamikoa da.

Ingelesa pasio duzula diozu, Jeffrey.
Jeffrey:
Hala da! Ghana kolonia britainiarra izan da beti, hizkuntza ofiziala da ingelesa, eta ikastetxeetan erakusten dute. Premiazkoa da.  Nire jaioterrian Twi-a berba egiten da, baina eskolan ingelesa ikasten da. Amak ere ingelesez berba egiten zidan. Hizkuntza gustatzen hasi zitzaidan eta ikasten jarraitu dut. Asko gustatzen zait eta ate asko zabaldu dizkit.

Zein da ingelesa ikasteko motibaziorik handiena?
Jeffrey:
Asko daude. Atzerrira bidaiatzean komunikatzeko, lanerako... Ezinbestekoa da motibazio zehatz bat izatea. Hizkuntza bat ikasteko gustuko izan behar dugu, eta zergaitik erakartzen gaituen jakin. Horixe da giltza: pizgarri bat, estimulu bat aurkitzea. Bestetik, konstantea izatea, amore ez ematea beharrezkoa da. Ingelesa ikasten jarraitzen dut, inoiz ez dugu amaitzen hizkuntza bat ikasten. Euskaragaz gertatu zitzaidan: hasieran ezinezkoa zela uste nuen, baina ikasi nuen. Onartu behar dut ingelesa baino gatxagoa egin zaidala.
Kevin: Era dinamikoan ikastea garrantzitsua da. Entretenigarriagoa da, eramangarriagoa. Askotan derrigorrez ikasten dugu, baina garrantzitsua da ikasi gura izatea, beste edozein ikasgaigaz lez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!