Zornotzako Azkuna egoitzatik garbitzaile bi kaleratu dituztela salatu dute

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 5a, 14:48

Murrizketak egon direla eta horrek guztiak egoiliarrei ematen zaien zerbitzuan eragiten duela salatu dute. Clymagrup enpresa arduratzen da Zornotzako Jose Maria Azkuna egoitza garbitzeaz. 

ELA sindikatuak deituta, Clymagrup enpresako beharginek agerraldia egin dute Jose Maria Azkuna adinekoen egoitzaren aurrean. Enpresak behargin bi kaleratu dituela eta gainerako beharginei ordutegi murrizketak ezarri dizkiela salatu dute: "Garbiketa-zerbitzuari geroz eta funtzio gehiago egotzi izan zaizkio, eta zeregin horiek gauzatzeko denbora murriztu izan da". Datu bat eman dute egoera ilustratzeko: behargin bakoitzak 24 segundo ditu egoitzako azalera hartzen duen metro karratu bakoitza garbitzeko. Egoera "larria" da euren esanetan, eta halantxik daude "pandemiaren aurreko urteetatik".

Beharginek azaldu dute enpresak joan den maiatzaren 1ean egin zituela kaleratzeak. Kaleratutako langile horiek biek gidatu dute, hain zuzen, agerraldia. Gertatutakoak eurengan eta euren senideengan eragingo duela, eta kalte horiek egoiliarrek ere igarriko dituztela esan dute. Grebara joango dira maiatzaren 20an.

Zornotzako Jose Maria Azkuna zentroa Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Kudeaketa lanak IMQ-Igurco enpresak egiten ditu eta azken honek Clymagrup enpresa azpi-kontratatzen du garbiketa lanetarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!