Kaitana eta Santa Ana arteko igogailuak bizilagunen irisgarritasuna hobetuko du

Ekaitz Herrera 2021ko api. 30a, 11:35

Zornotzako udalbatzak Kaitana plazan igogailua eraikitzeko proiektua onartu du gaur. Santa Ana, Andrandi eta Jauregizar auzoetako irisgarritasuna hobetu gura dute horrekin.

Oraindik goizegi da igogailua martxan noiz egongo den zehazteko, baina udal agintariek 2022ko udaberrirako prest izatea gura dute. Igogailu berriak Kaitana plazaren eta Santa Ana auzoaren arteko 11 metroak arinduko ditu. Egurrezko egitura bat izango du eta kabina gardena ipiniko dute segurtasun bisuala handitze aldera. Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziaren esanetan, igogailuak "asko hobetuko du" goialdeko auzoetan bizi direnen bizi-kalitatea. Andoni Agirrebeitia alkateak ere ildo beretik egin du berba. Igogailua ipintzea "han bizi diren edadeko herritarren aspaldiko eskaria" dela esan du, eta igogailuak haien mugirkortasuna errazten lagunduko duela dio. "Zorntzako erdigunea gertuago izango dute modu horretan". 

Igogailua ipintzeko ideia aurrekontu parte hartzaileetatik eratorritakoa da. Lanek ia 780.000 euroko inbertsioa izango dute, eta lanek sei hilabete iraungo dute hasten direnetik bukatzen direnera arte. Dena dela, esan bezala 2022ko udaberrira itxaron beharko da behin-betiko emaitza ikusteko.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!