“Hiruzpalau urte behar izan ditut orein bati bila nenbilen argazkia atera ahal izateko”

Aritz Maldonado 2021ko mai. 3a, 08:28

Jon Batiz Gorospe zornotzarraren argazkiek osaturiko 'Basabizitzaren argazkilaritza, Zornotzatik mundura' erakusketa ikusgai egon da azken asteetan Zelaieta zentroan. Aske bizi diren animaliei ateratako argazkiek osatzen dute erakusketa, Zornotzako suge bati ateratakoak zein Indiako tigre bati ateratakoak, esate baterako. Txikitatik izan ditu gustuko natura eta argazkilaritza, eta azken urteetan "serioago" ekin dio argazkiak ateratzeari. Munduan zehar ibili da animalia askeei argazkiak ateratzen.

Zelakoa da animaliekin lan egitea?
Pazientzia handiko lana da. Behin Poloniara joan nintzen, Bielorrusiagaz muga egiten duen aldera, eta ordu askoko bidaia egin nuen han bertan ere; argazki bakarra ekarri nuen handik. Argazkien atzean ordu asko eta asko daude. Teknika kontua ere bada, noski, baina lanketa da garrantzitsuena, datuak biltzea.

Zeintzuk dituzu argazkirik gustukoenak?
Argazki biri maitasun berezia diet. Oreinarena da bat; bizitzan ordurik gehien kendu didan animalia izan da. Hiruzpalau urte behar izan ditut bila nenbilen argazkia ateratzeko. Kotxean eta basoan ordu asko egin nituen hori ateratzeko. Bestea tigrearena da. Txikitan tigre baten poster bat alboan nuela lo egiten nuen. Dokumentaletako animalia bat zen niretzat, eta odisea baten ostean, lortu nuen argazkia ateratzea; lagun katalan bategaz berba egin ostean, Indiako kontaktu bat lortu nuen; abioia hartu eta hara joan ostean, hiru ordu egin nituen ingelesez ez zekien taxista bategaz. Bost egunean egon nintzen oihanean, eta azken eguneko azken orduan lortu nuen argazkia ateratzea.

Zein animalia falta zaizu argazkian harrapatzeko?
Hartz zuria. 2020an espedizio bat egitekoa nintzen, Artikora, baina badakigu zer gertatu zen 2020an. Gehien motibatzen nauten animaliak megafauna lez ezagutzen direnak dira, ugaztun handiak. Hartza animalia izugarria da, ez da nire lehentasuna izan, baina horrela suertatu da. Kanadan hartz beltza harrapatu nuen argazkian, Eslovenian hemengoa, arrea, eta Indian ere ikusi nituen. Eta hainbeste ikusi eta gero, orain zuriari egin gura dizkiot argazkiak. Ez dakit nik bilatu dudan zerbait den, edo horrela irten den, baina bizitza bera horrelakoa da. Hegaztiek ez naute bereziki erakarri inoiz, baina azken urteko egoera dela-eta, hegaztiei makina bat argazki egin dizkiet.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!