“Izurriak lehenengo pausoak ematen harrapatu gintuen, baina ezin ginen geldi geratu”

Aritz Maldonado 2021ko api. 24a, 11:55

Gaztea izan arren, Aritz Labradorrek Zornotzako Musika Bandaren berpizkundea gidatu du azken urteetan. 43 urtean desagertuta egon eta gero, 2019an hasi zen berriro lehenengo pausoak ematen. 'Herriaren doinuak' emanaldiaren saio bi eskainiko dituzte asteburu honetan, 'Arteen doinuak' zikloaren barruan. Blanco y en botella talde zornotzarragaz batera bidaia bat eskainiko dute rock-aren klasiko batzuk eta talde zornotzarraren zazpi abesti jota. Pandemiak Bandaren birsortzea baldintzatu duen arren, ez du amatatu sugarra.

Gatxa izan da rock talde baten abestiak moldatzea?
Orokorrean ez da lan erraza izan. Kontuan hartu profesionalak ez garen musika bandek ezin dugula entseatu. Hasieran, iazko programarako prestatu genuen, baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen. Hala ere, ez zuen zentzurik egindako lana ez aprobetxatzea. Rock sinfonikoa egingo dugu. Lehenengo, rock klasikora egingo dugu bidaia, eta Queen-en eta Rolling Stones-en abesti bana joko dugu. Blanco y en botella taldearen zazpi abesti moldatu ditugu. Esperientzia polita izango da. Nik uste dut proposamena bera interesgarria izango dela, herriko talde bi elkartuko gara eta.

Ez da erraza izan, bandaren entseguak Internet bidez egin behar izan ditugulako, eta taldeagaz batera ere ezin izan dugu entseatu. Pertsonalki ere lan handia izan da Blanco y en botella taldearen abestiak aztertu eta konponketak proposatzea. Zapatuko kontzertuaren aurretik entseatuko dugu, eta baita domekakoaren aurretik ere. Gogorra izango da, ordu asko izango direlako jotzen, eta nekatu egingo garelako, baina gaur egun ez dago beste aukerarik. Musika Banden Federaziotik [lehendakaria da Labrador] ere bagabiltza presioa egiten debeku hori altxatzeko.

Saio bietarako sarrerak salduta daude.
Hile eta erdi lehenagotik, gainera. Gogoa dago eta ikusten da. 'Zinemaren doinuak' egin genuenean emanaldi bakarra egin genuen, eta segituan bete zen. Egungo baldintzekin oso jende gutxi sartzen da aretoetan. Gerora, saio bi egiten hasi ginen, eta horiek ere bete egin dira. Ikusmina dago, baina kontzertu masibo bat ematea da nik benetan gura dudana; banda herriari benetan aurkezteko gogoa dut. Hau ere rock sinfoniko kontzertu kuriosoa izango da, Queen eta Rolling Stonesen kantekin, eta amaierarako prestatu dugun propinatxoagaz. Banda bera ezagutzeko aukera ona izango da. Horren gakoetariko bat bandak eskaintzen duen malgutasuna da. Bandak kaleko musika eta txarangaren errepertorioa egin ditzake, baina baita bestelako gauza batzuk ere. Getxoko bandak, adibidez, Sorotan Beleren errepertorioa joko du, Gorka Sarriegi abeslariagaz.

'Arteen doinuak'-en herriko sortzaileen arteko interdiziplina planteatzen da.
Gauza bi sortzen dira hemen. Alde batetik, gogoa nuen herriagaz beste modu batera konektatzeko, aurreko programa zapuztu zelako. Bestalde, sortzaileak batzeko helburua zegoen. Momentu gatxak pasatu ditugu eta sortzaileen balioa agerian geratu da pandemia sasoian, hau eramangarriago egiten zelan lagundu duten ikusita. Herrian bertan bilkura hori sortu gura nuen, eta aukera interesgarria iruditzen zait, gainera, herrian bandaren ateak zabalik daudela, proposamen berrietarako. Taldekide kopuruaren aldetik ere pozik gaude, baina instrumentu gehiago ere sartu daitezke. Valentziako banda asko, adibidez, ehundik gora lagunek osatzen dituzte.

Banda lehenengo pausoak ematen harrapatu ditu izurriak. Asko baldintzatu du ibilbidea?
Egia da hasiberri harrapatu gaituela, eta ez da erraza izan. Bide alternatiboak bilatu behar izan ditugu, baina ezin genuen albo batera utzi egindako lana. Banda 2019ko ekainaren 15ean aurkeztu genuen, eta oso harrera ona izan genuen. Ostean eginiko ekitaldiek ere harrera ona eduki zuten. Iazko martxoan 'Munduarekin konektatzen' saioa egin behar genuenean bertan behera geratu zen pandemiagaitik, baina ez gara geldirik egon; beste era batera, baina martxan jarraitu dugu. Internet bidezko entseguekin edo bestelako kontuekin. Hilero zerbait egitea planteatu genuen: konferentziak, tailerrak... Ez da urterik onena, baina gu ez gara geldi geratu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!