Amorebietaren igoera

Bigarren Mailara igotzeko bide luzean, Amorebieta ondo kokatuta dago

Joseba Derteano 2021ko api. 15a, 10:00

Amorebieta futbol klubak bizirik eusten die Bigarren Mailara igotzeko aukerei, eta sailkapenean ondo kokatuta dago. Bide luzea geratzen zaie oraindino, baina taldea sentsazio onak uzten dabil oraingoz, eta zaleak itxaropentsu egoteko moduan daude.

Aurtengoa denboraldi arraroa izaten ari da, hurrengo urtera begira berregituraketa sakonak egongo direlako hainbat mailatan. Esaterako, Bigarren B Maila zatitu egingo dute eta, denok ulertzeko moduan esanda, lehenengo maila bat eta bigarren maila bat sortuko dituzte. Amorebietak dagoeneko segurtatuta du lehenengo maila horretan egotea, lehenengo fasean sailkapeneko aurreneko hiru tokietan geratu delako.

Orain, bigarren fasean murgilduta dago. Sei talde dabiltza bertan. Orain arte jokaturiko partidu bietan, Amorebietak oso emaitza onak lortu ditu: 3-0 irabazi dio iazko azarotik partidurik galdu barik zegoen Tudelanori, eta 0-0 berdindu zuen Logroñes aurkari zailaren kontra. Zapatuan, 16:30ean, Calahorra taldea hartuko du Urritxen bolada onari eusteko esperantzagaz.

Azken-aurreko bidegurutzea
Baina Bigarren Mailarako bidea ez da fase honetan amaitzen. Azken-aurreko koska da. Bidegurutze hau gainditzen badu, beste bat geratuko da oraindino. Azken fase batean kanporaketa bi —partidu bakarrera— gainditu behar lituzke. Orduan lortuko luke Bigarren Mailara igotzea, klubaren historian lehenengoz. 2011n igo zuen Bigarren B Mailara, eta ordutik maila horretan dabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!