Zornotzako futbol taldeek euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartu dituzte

Ekaitz Herrera 2021ko api. 14a, 10:06

Sociedad Deportiva Amorebietak, CD Betigolek eta Ikas-Txiki futbol eskolak euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartu dituzte. Egitasmoa Zornotzako Udalaren laguntzagaz ari dira garatzen, Aktibatu! izeneko programaren baitan.

Berbetatik ekintzetara pasatzea erabaki dute Zornotzako futbol elkarteek. Kirolean euskararen presentzia areagotzeko konpromisoa hartu dute, eta hori egia izan dadin hainbat neurri ipini dituzte martxan.

  • CD Betigolek jokalarien artean euskararen erabilera indartzeko erronka hartu zuen beregain. Horretarako metodologia zehatz bat ipini zuen martxan eta honezkero hainbat emaitza lortu ditu. Jokalari batzuen artean hizkuntza ohiturak aldatzen hastea lortu dute.
  • Sociedad Deportiva Amorebietak dokumentu batean batu ditu euskararen presentzia sendotzeko helburuak. Irudi korporatiboan lehentasuna eman diote euskarari eta entrenamenduetako hizkuntza lehenetsia euskara iazteko konpromisoa hartu dute. Era berean, euskara lehenetsiko dute bazkideekiko harremanetan eta zuzendaritzako kideen artean.
  • Ikas-Txiki futbol eskolak, bestalde, dekalogo bat prestatu du guraso talde baten laguntzagaz. Dokumentu horren arabera, entrenatzaileen jarduna euskaraz izango da (bai euren artean, bai jokalariekin eta bai gurasoekin), eta euskaraz jarduteak umeengan duen isla azpimarratzen du. Dekalogoaren aplikazioa errazteko entrenatzaileek bi orduko online ikastaroa egin dute.

Euskara sustatzeko egitasmo hau Zornotzako Udalaren proposamen batetik dator. Udalak euskararen erabilera sustatzeko proposamena egin zien herriko kirol elkarteei. Gonbiteagaz hiru talde horiek egin dute bat: Sociedad Deportiva Amorebietak, CD Betigolek eta Ikas-Txiki futbol eskolak. Udalak hiru elkarteak "zoriondu" ditu "egindako ahaleginagatik". Halaber, kirol arloan euskarari "dagokion lekua" emateko lanetan jarraituko duela berretsi du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!