Zornotzan 57 pertsonek jaso zuten laguntza eta aholkularitza 2020an, proiektu propioa martxan jartzeko

Anboto 2021ko mar. 30a, 17:00

Ekintzailetza zerbitzuaren bitartez bideratu du laguntza Zornotzako Udaleko Ekonomi Sustapen eta Enplegu sailak. Lan horrek udalerrian 14 negozio berri abiaraztea eragin du. 

Zornotzako Udaleko ekintzailetza zerbitzuak 2019an baino baliabide gehiago bideratu zituen iaz, eta 57 pertsonek jaso zuten laguntza eta aholkularitza beraien proiektua martxan jartzeko. Hartara, udalerrian 14 negozio berri abiaraztea lortu da. Negozio berri horietako gehienak zerbitzuen sektorean jarduteko dira. Besteak beste, harategi bat, ile-apaindegi bat, zentro estetiko bat, hezkuntza-zentro bat, aseguru-artekaritza bat edo merkataritza-ordezkaritzako enpresa bat. 

2020an, 24 pertsona bideratu ziren ekintzailetza-proiektuei buruzko prestakuntzara. Prestakuntza horren helburua pertsona horiek jarduera ekintzailera hurbiltzea izan zen, proiektuak behar bezala abian jartzeko beharrezko ezagutzak emanez, arduradunek ohar baten bitartez azaldu dutenez. "Horregatik, enpresa-proiektu baten bideragarritasunari eta garapenari buruzko edozein alderdiri buruzko prestakuntza eman zen, besteak beste, sustatzaileen ezaugarrietan, enpresaren jardueran, merkatu-azterketan, Marketin Planean, diru-laguntzetan edo analisi ekonomikoan sakonduz".  

Aurrez aurreko ikastaroak egin ziren Bilboko Merkataritza Ganberan. Enpresak sortzeko prestakuntzaz eta auto-enpleguaz gain, sare sozialak kudeatzeko eta web-orriak sortzeko ikastaroak izan ziren gehienak. 

Eskatzaileen profila

Aholkularitza-zerbitzua eskatzen duten pertsonen profilari dagokionez, ohikoena 25 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, 35 eta 44 urte bitarteko adin-tartearekin berdinduta. Horrela azaldu dute udal ordezkariek. Era berea, nabarmendu dute emakume ekintzaile gehiago daudela gizonak baino. Kasu gehienetan, Auto-enplegu Zerbitzura jotzen duten erabiltzaileak Amorebieta-Etxanon bizi eta erroldatuta daude. Horrela, abian jarritako 14 proiektuetatik, 15 enplegu zuzen sortu dira. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!