Zornotzako Ixer kalea berrurbanizatzeko lanak amaitu dituzte

Anboto 2021ko mar. 26a, 10:04
Ixer kalea eraberrituta.

Oinezkoari lehentasuna eman asmoz, espaloiak zabaldu eta berdeguneak sortu dituzte.

Zornotzako Udalaren proiektuak 6.300 metro koadroko azalerari eragin dio eta 1.300.000 euro baino gehiagoko aurrekontua izan du.

"Kaleak eraldaketa handia izan du eta orain oinezkoentzako ibilbide zabalak eta irisgarritasun unibertsala bermatzen duten neurriak ditu. Helburu nagusia oinezkoari lehentasuna ematea izan da beti", azaldu dute udal ordezkariek ohar batean.

Oztopo arkitektonikoak kendu, berdeguneak sortu, hiri-elementuak hobetu eta hornidura-, saneamendu-, elektrizitate- eta argiztapen-sare guztiak berritu dituzte. Kalean dauden edukiontziak ere berrantolatu dira.

Egindako lanei esker, landaredi- eta zuhaitz-elementuak sartu ahal izan dira, baita espaloiak zabaldu eta zintarriak eta sestrak birkonfiguratu ere, desgaitasuna duten pertsonen beharretara egokitzeko. Gainera, oinezkoen pasabideak birkokatu dira, ibilbide naturalak eta Gabriel Aresti parkearekiko lotura indartuz eta argi berriak jarri dira.

30 aparkaleku berri

Era berean, udalak 30 aparkaleku berri jarri ditu eta San Pedro eta Ixer kaleen arteko bide-zatian eta Ixer barruko bidean zirkulazioaren noranzkoa aldatu da, zirkulazioa hobetzeko helburuz. "Proiektu berriarekin zornotzarrek lehen baino plaza bat gehiago izango dute aparkatzeko", azaldu dute oharrean.

Udal arduradunak Ixer kalean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!