Zornotzako 507 baserriren argazkiak liburu batean batu dituzte

Anboto 2021ko mar. 23a, 10:48

Zornoza elkarte artistiko-kulturalak 'Amorebieta-Etxanoko baserriak' liburua kaleratu du udaleko kultura sailaren laguntzagaz. Herriko baserrien garai bateko argazkiak batu dituzte bertan.

Zornoza elkarte artistiko-kulturalaren lan berriak ekarpen polita egingo dio herritarren memoria kolektiboari. Udalerriko baserrien garai bateko argazkiak batu dituzte 'Amorebieta-Etxanoko baserriak' liburuan. 507 baserriren argazkiak, guztira. Ederrak denak, garai bateko Zornotza zer nolakoa zen erakusten dutenak. Udalak adierazi duenez, "argazki bakoitzak herriaren landa-arloari buruzko oroitzapenak berreskuratzeko aukera ematen du, biak, jada desagertuta dauden eta denboraren joana jasan dituzten baserrien oroimena gordetzeko helburuarekin".

Lanak 80ko hamarkadan du jatorria. Pedro Juan Aranak, Adolfo Crespok, Andrés Rodriguezek, Javier Zabalak eta Txomin Goienetxek hasi zuten baserriak iruditan hartzeko lana, garapen urbanistikoaren ondorioz apurka-apurka desagertzen ari ziren baserrien oroimena babesteko. Lana, 507 irudiz osatutako banku zabala da eta lau eremu geografikotan bildu da: Zornotza (199 baserriren argazkiak ageri dira atal horretan), Etxano (67), Boroa (88) eta Euba (153). Bestalde, Patxi Gonzalez "Sema"-ren, Mikel Gerrikabeitia Poloren, Bixenti Larruzea Mezoren eta Jose Luis Iturrietaren testuak ere biltzen ditu liburuak. 

Non eskuratu

Liburua PDF formatuan debalde eskuratu daiteke HEMEN. Ale fisikoa gurago duenak, Zornoza Kultur Elkarte Artistikoaren lokaletan eskatu ahal izango du (Harrison kalea 6, behekaldea) apirilaren 12tik 16ra, 18:00etatik 20:00etara, edo bestela, mezu elektroniko bat bidaliz baserriak.sacz@gmail.com helbidera. Liburuaren prezioa 20 eurokoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!